Covid-19ak bertan behera utzi zituen 2020ko eta 2021eko Otxomaio jaiak eta, horrekin batera, Urduña Eskolako guraso elkarteak ezin izan zuen muntatu sostengu ekonomiko handiena zuen txosna. Urtean zehar hainbat ekintzetako gastuak ordaintzeko erabili ohi dute bertan eskuratutako dirua. Iaz, bi urteko galerari aurre egiteko, guraso batzuei eskolako jai egun bat antolatzea otu zitzaien.
Horrela sortu zuten 2021ean Urrifest jaia, Urduñako Herri Eskolako jaia. Irantzu Sanz IGEko presidenteak azaldu bezala, 2021-2022 ikasturtean eskolako haur guztiei barnetegiaz gozatzeko aukera eman nahi izan zioten, aurreko urteko hutsunea bete eta bizitako une gogorrak konpentsatzeko. Urrifest jaialdiaren lehen edizioak, hortaz, gastu gehigarri hori hartu zuen bere gain.
Aise egin ere, esperotakoa baino askoz diru gehiago bildu baitzuten edizio hartan. Irantzu Sanzek argitu du “sorpresa handia” hartu zutela eta aurten ere “iaz beste jende etortzea” espero dutela. Familien lana eta inplikazioa eskertzekoak direla adierazi du.
Arratsalde osoa publiko guztientzat
Eskualde osoari zabaldu diote urriaren 22an, larunbatean, eskolako patiora gerturatzeko deia. Inor ez aspertzeko moduko egitaraua antolatu dute arratsalde osoan zehar. Disko txantxak emango dio hasiera jaialdiari 17:30ean eta jarraian hiru musika talde igoko dira oholtzara: 19:00etan Five Directions, 21:30ean Mister Leen eta 23:30ean Feos Pero Majos. Jana eta edana ere ez dira faltako arratsalde osoan zehar.
Aldarrikapenerako tartea ere hartuko dute. 21:00ak aldera, lehen eta bigarren kontzertuaren artean, Euskal Eskola Publikoaren aldeko ekitaldia eta argazki erraldoia egingo dituzte. Horrekin batera, azaroaren 5ean Bilbon izango den Euskal Eskola Publikoaren aldeko manifestazioan parte hartzeko deia zabalduko dute. Gainera, argazkian nork bere eskolako kamiseta identifikagarria eramateko deia luzatu dute, iaz Zabaleko Bizirik plataformak Aiaraldeko eskola guztiak batzeko egin zuen proposamenari jarraipena eman asmoz.