PEDRO EGUILUZ

“1970eko hamarkadan margolari abstraktua nintzen jadanik”

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 26a, 07:00

margolariak erakusketa jarri du Orduña Hiria Museoan bere ibilbide luzea islatzeko. / Aiaraldea.eus

PEDRO EGUILUZ (Urduña, 1948)  margolariak erakusketa jarri du Orduña Hiria Museoan bere ibilbide luzea islatzeko. Zeutan bizi da orain, baina aurretik Kolonbian, Marokon edota Kanariar uharteetan egon da.

Noiz erabaki zenuen zuk margolari izatea?

Txikia nintzenetik nahi nuen. Orduña Museoan ikusgai dagoen erakusketan badago 10 urterekin egindako koadroa, Getxako paisaia da. Ume txikia nintzenetik marrazten dut.

Dena den, guztia hasi zen Bartzelonako familia bat ezagutu nuelako. Grabatzaileak ziren eta udatiarrak ziren eta hemengo paisaiak margotzen zituzten olio-pinturarekin. Han hasi zen nire harremana material horrekin. 
Eurak Bartzelonara itzultzean, nik jarraitu nuen Urduñako haranean paisaiak margotzen. 

Hamabost urterekin sartu nintzen Gama enpresara lanera delineatzaile gisa, zortzi urtez. Modu paraleloan margotzen nuen eta Bilboko Arte Eskolan trebatu nintzen. Horren ostean, Iruñean egin nuen zerbitzu militarra eta teniente koronel batentzat margotzen nituen koadroak. 

Handik itzuli nintzenean, Bilboko Arte Ederretako goi-eskola ireki zuten eta ni izan nintzen bigarren promozioko lizentziaduna. 

Orduan lana eta sorkuntza uztartu zenituen?

Ez, nire emazteari esker margotzera bideratu dut nire bizitza. Bera irakaslea zen Ezkerraldean, Sestaon. Jarraitu nuen ikasten horri esker eta beka lortu nuen Segoviara joateko. Estatu Espainiarreko Arte Ederretako goi-mailako ikasleak batzen ginen han eta kaleetatik sakabanatzen ginen paisaiak margotzeko. Urrezko domina eskuratu nuen eta 1976an egin nuen nire lehen erakusketa, Valera galerian. 

Niretzat oso garrantzitsua izan zen, zenbait koadro saldu bainituen. Garai horretan jadanik margolari abstraktua nintzen, eta ez figuratiboa. Alegia, Arte Ederretan sartu nintzenean, lagun batzuei esker, margo abstraktuaren jarraitzaile bilakatu nintzen.

Hor hasi zen zure ibilbide profesionala?

1977an Gasteizko beste arte-galeria batean egin nuen erakusketa, baina politika frankisten ondorioz, nire emaztea bidali zuten Sestaotik Kanariar uharteetara, El Hierrora, hain zuzen. Familia osoak etxez aldatzeko beharra izan genuen. Antza, “nazionalismoen arazoa” konpontzeko, penintsulako hegoaldeko irakasleak iparraldera bidaltzen zituzten eta alderantziz. 

El Hierroko uhartera joan behar zela esan ziotenean emazteari, San Telmo Museora ni joaten ari nintzen nire burua eskaintzeko margolari gisa, erakusketa egiteko. Bi koadro eraman nituen Donostiara horretarako. Lortu nuen eta 1978an erakusketa egin nuen han.  Beste bi gehiago egin nituen Gernikan eta Durangon.

Eta El Hierron asko margotu zenuen?

Ez, gertatu zen arte-galerien mugimendu komertziala, zeinak aztoratu ninduen. “Transvanguardia” deitu zuten eta, finean, suposatzen zuen abangoadien desagerpena, egun batetik bestera. Bat-batean iragan klasikora itzuli zen artea. Mugimendu interesatua izan zen eta niri depresioa eragin zidan. Ni mugimendu espresionistako jarraitzailea nintzen, abangoardia klasikoa. 

Hainbat urtez egon nintzen eskegita eta 1986an berriro konektatu nuen espresionismo abstraktuarekin. 

Nola itzuli zinen?

Bilboko Ferian Eder Arte ekimena zegoen eta artistok erakusmahai batzuetan genituen gure lanak. Campuzano plazan zegoen arte-galeria batean ere… Baina krisialdian egon nintzen denbora luzez. Uste nuen ez nekiela margotzen eta zirriborroak egiten nituen argizari margoekin eta gero kopiatzen nituen olio-pinturarekin.

1990ean nire emazteak plaza lortu zuen Kolonbian eta Bogotara joan ginen familia osoa. Han berreskuratu nuen autoestimua eta biziki margotu nuen. Erakusketa egin nuen nazioarteko arte-galeria batean eta erakusketak prestatu nituen.

Horrez gain erakundeentzako lanak egin dituzu, ezta?

Bai, Bizkaiko itsasontzi-historia margotu dut, natur zientziako Arabako Museorako kartelak sortu ditut, argitaratu dut Llodio, imágenes para la memoria eta El Cerro: Frontera abierta liburuak. Lehenengoan nire emaztearen aitaren -Jose Montes- argazkiekin egin genuen liburua eta bigarrenean Bogotako toki horretako espezieen marrazkiekin osatu genuen liburua, ingurumen proiektu baten barruan, nire emaztearekin ere.
Dena den, ibilbide oso luzea dudanez, zaila zait dena laburbiltzea. Adibidez, Bilboko Ur Depositoan egin nuen erakusketa bat 'Asuntos de pintor', Gasteizen Vital Kutxan beste bat, 'Pinturas de reconocimiento', 'Afrilias' Casablancan, 'Viaje de vuelta' Kolonbian…

Galdera apur bat topikoa da, baina Kolonbian bizi izan zinen drogen kartelen zabalkunde garaian…

1990ean Bogotan bizitzea oso bortitza zen. Eztandak zeuden edonon. Asteburuetan 500 hildako zeuden  tiroz hilda. Bi esperientzia oso latzak izan nituen, bitan lapurtu zidaten eta heriotza oso gertu izan genuen. Halaber, Kolonbian bizitzeak ahalbidetu zuen New Yorketik Magallanasera joatea, Amerika ezagutzea: Venezuela, Ekuador, Txile, Argentina, Galapago uharteak, Madagascar, Maurizio… Bidaia ugari.

Kolonbiaren ostean nora jo zenuten?

Zeutara. 2008an erakusketa oso garrantzitsua egin nuen, 64 margorekin, Museo de las Murallas Realesen. Bi hilabetez egon zen. Umeekin tailerra egin nuen margolaritza ez figuratiboaren inguruan eta euren margoekin murala osatu genuen. Iaz museo berean olio-pinturekin egin nuen beste bat, 'Contravacío' izenekoa. Horror vacuiri buruzko lana. Hau da, artistaren beharra koadroaren azalera guztia okupatzeko. 

Nola bukatu zenuten Zeutan?

Euskal Herrira itzultzea zen asmoa, baina aukera ekonomikoa izan zen. Bestalde, gure joera nomadarekin jarraitzea zen. 

Sestaotik El Hierrora joan ginen eta handik Gasteizera, gero Kolonbiara, Gasteizera berriro, Casablancara, Kolonbiara beste behin… Niri berdin zitzaidan non margotu. 

Eta nola heldu zara berriro Urduñara?

Orduña Museoko zuzendariak proposatu zidan hemen egitea erakusketa eta baiezkoa eman nion. 'De memoria' da bere izena. Nire margoak ez du zirriborrorik, zuzenean margotzen dut koadroa.  Oso interesgarria iruditu zait herrian egitea erakusketa, nire lanak ez baitira figuratiboak. Jende ugari etorri da nire “zentzugabekeriak” ikustera. Gainera, polita iruditzen zitzaidan koadro bat hemen margotzea jendearen aurrean. 

Gero Zeutara itzuliko zara lanean jarraitzeko?

74 urte ditut. Duela 50 joan nintzela Urduñatik eta margolari bilakatu nintzen. Modu apalean Picassoren eredua jarraiki -90 urterekin zendu zen eta aurreko egunean zazpi margolan sortu zituen-, nik ez dut erretiroa hartuko. Ahal dudan bitartean margotzen jarraituko dut.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide