Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Konturatu nintzen zerbait interesgarria aurkitu nuela: 1879an tratu txarrengatiko falta-epaiketa bat eta, gainera, irabazia”

Jone Gartzia Gerra 2022ko aza. 11a, 12:00

Julen Ugidos 'Ahogada en el silencio' liburuarekin. / Josu Labiano Lekanda

JULEN UGIDOS Urduñan bizi da eta Antonia Ciden istorioa jaso du, Gaztela eta Leonen genero-indarkeriagatik lehenengo salaketa jarri zuen emakumea, Espainiako estatuko lehenengotarikoa. Familia abizenen inguruko informazioa biltzen ari zela egin zuen topo 1879ko salaketarekin eta Ahogada en el silencio liburuan eman du bere berri. Azaroaren 18an aurkeztuko du Urduñako Alondegian.

Gizarte hezitzailea eta psikologoa zara. Nola amaitu duzu idazle ere izaten?

Beti gustatu izan zait irakurtzea. Nire amama eta nire ama oso literaturazaleak ziren eta haiek piztu zidaten zaletasuna. Irakurtzetik idaztera, kasualitatez egin nuen salto.

Kontu genealogiko batekin hasi nintzen, nire abizenaren inguruko ikerketa batekin. Ezohikoa omen da eta liburu bat argitaratu nuen Ugidos eta Redondo abizenen inguruan. Dokumentazio prozesu horretan ohiz kanpoko dokumentu batekin egin nuen topo.

Zer aurkitu zenuen, zehazki?

Villademor de la Vegako (León) udaletxean nengoen informazioa bilatzen, hautsez eta dokumentu eta panfleto zaharrez betetako gela txiki bat aurkitu nuenean. Bertan, karpeta bat arakatu nuen eta bi orri aurkitu nituen barruan, karpetarekin loturarik ez zutenak.

Cid abizena ikusi nuen bertan eta argazki bat egin nion, etxean irakurtzeko. Etxean konturatu nintzen zerbait interesgarria aurkitu nuela: 1879an tratu txarrengatiko falta-epaiketa bat eta, gainera, irabazia. Gero, Ruth Pindadok baieztatu zidan, garai hartan Gaztela eta Leongo Emakumearen zuzendari nagusi zenak.

Nola gogoratzen duzu aurkikuntzaren garrantziaz jabetu zinen unea?

Dokumentua irakurri nuenean ez nuen sinesten. Baieztatu ostean, urteak utzi nituen pasatzen, beste liburua argitaratu nuelako. Gerora, lagun kazetari batek gaia ikertzera animatu ninduen. Berak artikulu bat argitaratu zuen honen inguruan eta kazetaritza sari bat eman zioten. Azkenean, hari buruz ikertzea erabaki nuen. Prozesu osoan zehar Ruth Pindadok lagundu zidan, eta berak idatzi du liburuaren hitzaurrea.

Zein informazio iturritara jo duzu liburua idazteko?

Villademor de la Vega da Antoniaren eta nire familiaren herria. Bertako Udaleko artxiboetan, Leongo elizbarrutiko artxiboan eta Leongo probintziako artxibo historikoan arakatu nuen.

Ahozko lekukotzak ere jaso nituen, nahiz eta oso gutxi geratzen diren. Antonia jaio zen etxea gure herriko etxea da, barrutik ezagutu ahal izan dut, baita herriko ondarea ere. Horrela egin nuen testuinguru historikoa eta gero nik jarri dut ikuspegi psikologikoa. Liburua irakurri duen jende askok esan dit nabari dela.

Lekukotzak aipatu dituzu. Honen berri eman dizute auzokideek edo herriko memoriatik ezabatu da pasartea?

Erabat ezabatu da, gure familian ere ez da ahozko lekukotzarik geratzen. Etxean gogoratzen duten gauza bakarra da belaunaldi horretako senideak errotariak zirela, ez dute salaketaren berri, eta ziur aski bere garaian pisuzkoa izan zen.

Familiak ezabatu nahi izan zuen, ez bakarrik tratu txarren eta banantzeen kontuengatik, baizik eta estigmaz betetako emakume bat zelako. Badakigu hiru nebek ez ziotela inoiz lagundu, tratu txarrak ematen zizkion gizonarekin bizi behar izan zuelako beti, haiek herri berean bizi ziren bitartean.

Laburtuko zenuke Antonia Ciden bizitza?

Leon hegoaldeko emakume landatarra zen, familia ugari batean hazitakoa. Aitarik gabe geratu zen, baina ama oso ausarta zuen. Berriz ezkondu beharrean, alarguntasuna aukeratu zuen; bere ondasunak administratu eta errotaz arduratu zen.

Antoniarentzako ama eta bi ahizpak oso figura garrantzitsuak izan ziren. Ama hil zenean, Antonia garai hartan ezohikoak ziren jarrerak izaten hasi zen. Haurdun geratu zen ezkongabe, eta semea hil zitzaion.

Gero, lehengusu batekin ezkondu zen, haurdun zegoela. Bigarren semea ere hil zitzaion eta erditzearen ondorioz antzutu zen. Estigmaz jositako emakumea zen, jainkoak emakume gaizto izateagatik zigortu izan balu bezala.

Hamar urteren ostean alargun geratu zen, 41 urterekin. Uste dugu gizon aberats baten etxean hasi zela lanean eta berarekin ezkondu zela. Bera izan zen bere erasotzailea, Santiago Alonso.

Eta Antoniak salatu egin zuen.

Hala da, ezkondu eta bi urtera. Botere desoreka handia zegoen bien artean. Santiago gizon aberatsa zen, seme baten aita, bi aldiz alarguna. Antonia, aldiz, txiroa zen, ez zuen seme-alabarik, eta oso estigmatizatuta zegoen.

Santiagok jipoi izugarri bat eman zion bi lekukoren aurrean. Horren ondorioz, Antonia ezgaituta geratu zen eta herriko medikuak lau egunez artatu behar izan zuen.

Orduan, Antoniak senarra salatu zuen tratu txarrengatik. 1870ean aldaketa bat onartu zen zigor kodean, emakumeenganako indarkeria onartzen zuena zigor irrigarri batekin, baina oinarri bat zegoen. Ziurrenik norbaitek eman zion aholku Antoniari, analfabetoa baitzen.

Nolakoa izan zen epaiketa?

Falta-epaiketa bat izan zen. 1878ko urrian hasi zen. Bi lekukoek Antoniaren alde egin zuten, baita medikuak ere. Santiagok ez zuen lekukorik eraman eta ez zuen bere falta onartu ere egin.

Epaiketan desadostasuna egon zen fiskalaren eta epailearen artean. Lehenak Antoniaren alde egin zuen, gehienezko zigorretik gertu zegoen kondena eskatuz. Epaileak, aldiz, Santiagoren alde egin zuen, eta gutxieneko zigorra ezarri zuen: bost eguneko atxilotzea.

Epaiketak iraun zuen bitartean, urritik hurrengo urteko urtarrilaren 20ra arte, Antoniak senarraren etxean bizi behar izan zuen. Berari buruz dakigun azken gauza da bizirik zegoela sententzia jakinarazi zioten unean. Gero desagertu egin zen.

Ez dago heriotza-ziurtagiririk ere. Pentsa dezakegu ihes egin zuela eta beste leku batean bizitza berregin zuela, edo handik gertu hilik agertu zen emakumea izan zela. Identifikatu gabekotzat jo zuten gorpu hura, baina deskribapenak bat egiten du Antoniarenarekin.

Liburuari erreparatuta, nola dago banatuta?

Bi zati ditu: batean, familia-aurrekariak aipatzen dira eta, bestean, Antoniaren biografia. Ondoren, aurkikuntzaren berri ematen duen epilogo bat dago, kasua argitzeko proposamen bat. Ruth Pindadok egin du hitzaurrea, Gaztela eta Leongo Emakumearen zuzendari nagusi ohia. Amaieran, garaiko dokumentazioa atxiki dut, transkribatuta, jendeak lehen eskutik irakur dezan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide