Iker Santociles izango da EAJren alkategaia Urduñan

Aitor Aspuru Saez 2022ko aza. 13a, 21:54

Iker Santocildes. / EAJ

26 urteko urduñarra aukeratu dute hiriko jeltzaleek zerrendaburu izan dadin.

Iker Santocildes 26 urteko urduñarra izango da EAJko alkategaia 2023ko hauteskundeetan. Administrazio eta Finantzetako goi-mailako gradua dauka gazteak eta EHUko Sarrikoko fakultatean Fiskalitatean eta Administrazio Publikoan graduatu zen. Gaur egun, gestoria batean egiten du lan, hipoteka kudeatzaile gisa.

Berez, urduñarrak Maria ikastetxean hasi zituen ikasketak, 7 urte bete arte, ikastetxeak ateak itxi zituenean, hain zuzen. Ondoren, Antzinako Andra Mari ikastetxean jarraitu zuen oinarrizko prestakuntza akademikoa.

Horrez gain, tokiko kirol jarduerara dago lotuta, eta 6 eta 25 urte bitartean Beharbide saskibaloi-taldean jokatu zuen. Gaur egun, emakumezkoen senior taldeko entrenatzailea eta klubeko zuzendaritza batzordeko kide da.

Bere programa politikoari dagokionez, entzute aktiboko kanpaina abiatuko duela iragarri du. Hurrengo hilabeteetan egingo dute prozesua, plan batean jasotzeko emaitzak. Santocildesek honakoa adierazi du: “Udalerria merezi duen lekuan jarri nahi dugu, Urduñaz hitz egiten denean jendearen begietan distira berriro ikustea eragingo duten proiektu eta ekintza ugarirekin”.

Printzipioz, hautagaiak zenbait proiektu proposatuko dizkie herritarrei, hala nola:

  • Industrialdea suspertzea.
  • La Muera igerilekua eta haren ingurunea berreskuratzea.
  • Urduñako turismoa indartzea.
  • Hirigune historikoa birgaitzea.
  • Etxebizitza berriak eraikitzea eta daudenak birgaitzea sustatzea.
  • Berdeguneak sortzea eta irisgarritasuna hobetzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide