Andra Mari parrokiaren eta hiriaren harresiaren arteko eremuan parke bat eraikitzeko proiektua jendarteratu zuen Urduñako Udalak atzo (azaroak 16) Alondegian egindako aurkezpenean. Udalak helburu hirukoitza jarri dio egitasmoari: Urduñako ondare historikoari eta arkitektonikoari balioa ematea eta hori kontserbatzea, hiritarren erabilerarako eta gozamenerako parke bat sortzea udalerrian eta, azkenik, efektu dinamizatzaile bat sortzea: soziokulturala, ekonomikoa eta turistikoa. 617.726,55 euroko aurrekontua aurreikusi dute lan horietarako.
Elementu arkitektoniko nagusiak
Atzoko aurkezpenean proiektuaren diseinuaz arduratu diren Iratxe Ibañez Garcia, Arkaitz Quincoces Biguri eta Daniel Luengas Carreño arkitektoek hartu zuten parte, eta harresi-eremuko parkean aurreikusitako elementuak aletu zituzten. Hasierako diseinuan hiru elementu nagusi aurreikusi dituzte: eszenatoki bat, pasabide bat eta lorategi bat. "Elementu horiek material nobleez eginak izango dira, batez ere, korten altzairua, hormigoia eta egurra, eta garaikideak, kontrastea eragiten dutenak baina harmonia ere sortzen dutenak", nabarmendu zuen Iratxe Ibañezek.
Agertokiak orotariko jarduerak egiteko espazioa eskainiko du; beste askoren artean, kontzertuak, dantza ikuskizunak, ezkontzak edota desfileak zerrendatu zituzten. Agertokiak hainbat harmaila izango ditu, gabioiez eta zurezko eserlekuez osatuak.
Pasabideak Gorobeleko landarediaz osatutako lorategi bat izango du; eta, honen inguruan, ibilbide didaktiko bat atonduko dute herritarrek inguruko landare espezie desberdinak ezagutu ditzaten. Ikasteko bakarrik ez, espazioak lasai egoteko esparru bat eskainiko die auzokideei. Pasabideak, gainera, inguruko irisgarritasunean lagunduko du ere, parrokiaren eta harresiaren artean dagoen desnibel handia gaindituz.
Harresi-eremuko parkeak hiru sarrera izango ditu aurkeztutako proiektuaren arabera; sarrera nagusia eta beste bi, Andra Maria elizako arkupetik eta Tras Santiagotik.
Parkearen diseinuak ahalik eta erabilera anitzenei erantzun nahi die, honen erabilera ahalik eta gehien sustatzeko asmoz. "Turistak erakartzeaz gain, herritarrei zerbitzu bat ematea da asmoa", azaldu zuen Daniel Luengas arkitektoak.
Urduñako harresia
Proiektu berri honekin Urduñako Udaleko Hirigintza Arloak amaitutzat joko ditu harresiaren inguruari balioa emateko burututako jarduketa desberdinak. 2020tik hainbat lan egin izan dira bertan, ingurua atondu eta erakargarri egiteko, hala nola harresiaren bi dorreetako teilatuak birgaitzea, harresiaren goiko perimetroa errematatzea haren gainean belarrak, sasiak eta bestelako landareak haz ez daitezen, gunea apaintzeko argiztapena eta kanpoko lur-eremua oinezkoentzat bihurtzea eta asfaltatzea.