Kultura eta ostalaritza nahastu dituzte Haroko (Errioxa) eta Urduñako artisten arteko kultura-trukean. Aurtengo otsailean abiatu zuten ekimena eta datorren urteko urtarrilean emango diote amaiera, Eva Isasi eta Jose Uriszarren lanekin. Azken hilabeteotan, Haroko Café Liceo tabernan hainbat urduñarren erakusketak jarri dituzte. Urduñako Romulo jatetxean, aldiz, Haroko margolarienak egon dira ikusgai.
“Pertsona gisa aberasten gaitu eta, zernahi kasutan, kultura eta ostalaritza bateratzen ditu. Herritarrak etxetik ateratzera aimatzen ditut"
Pasa den astean, azaroaren 23an, bi herrietako ordezkariek gutun bana helarazi zieten Haroko eta Urduñako udalei ekimenaren balorazioaren berri eman eta etorkizuneko asmoak plazaratzeko. Bertan, ekimenak duen garrantzia azpimarratu zuten: “Pertsona gisa aberasten gaitu eta, zernahi kasutan, kultura eta ostalaritza bateratzen ditu […], herritarrak etxetik ateratzera animatzen ditut, Artea ikusteko eta Hiriaz gozatzeko aukerak emanez”.
Era berean, antolatzaileek adierazi zuten oraindik ere artista zerrenda luzea dutela bertako lokaletan erakusketak jartzeko zain. Ez hori bakarrik, Medina de Pomarreko (Burgos) Kultura Sailarekin hizketan ari direla argitu zuten, eta ekimena musikaren arlora ere zabaltzeko asmoa dutela.
Azken erakusketak
Azken bi erakusketak inauguratzeak “nolabaiteko pena” ematen diela aitortu zuten antolatzaileek, baina oraindik ez da kultura-trukeaz gozatzeko aukera amaitu. Izan ere, urtarrilaren 18a bitarte Urduñako Romulo jatetxeak zein Haroko Café Liceo tabernak bi herrietako artisten lanak izango dituzte erakusgai.
Urduñan Jose Uriszar artista errioxarraren lanak egongo dira, 10 paisajes de La Rioja y Euskadi en Acuarela goiburupean. Haron, ordea, Eva Isasi urduñarrak azken 15 urteetako zenbait lan erakutsiko ditu, “munduan gauden emakume gisa ditugun ardurak” plazaratzeko.
Antolatzaileen hitzetan, Isasiren erakusketa modu polita da katea amaitzeko, bera baita ekimenari hasiera eman zioten Loraldi elkarteko hamar emakumeen irakaslea.
Aurreko lanak
Otsailean, Urduñako hamar artistek eraman zuten herriko sorkuntza plastikoa lehen aldiz Haroko Café Liceora. Diez Obras, diez Artistas zuen izena erakusketak, eta parte hartzaile guztiak Urduñako Loraldi emakumeen elkartekoak ziren, Eva Isasiren ikasleak. Trukean, Urduñako Romulora Julio Alvarez artista harotarraren Versiones erakusketa ekarri zuten.
Hurrengo trukea Efrén G. Frechillaren Paisajes de Orduña erakusketaren eta Joaquin Cegarra Perezen Haro 1920-1950 argazki erakusketaren artekoa izan zen. Batak olioz eta besteak argazki bidez, biek ala biek erakutsi zituzten euren sorlekuak. Jose Maria Pedrejas ‘Torri’k Urduñako argazkiak eraman zituen gero Harora, Postales de Orduña izenarekin eta helburu “didaktiko eta turistikoarekin”.