Gaur -abenduak 2- Urduñan eskainiko duten solasaldian, 'Feminismo matxinoa eta eskubideak' izango dituzte hizpide Victoria Sandino eta Rosa Isolina Guerra FARCeko borrokalari ohiek. 18:30ean hasiko da hitzaldia, Alondegia Gizarte Etxean.
Victoria Sandino bidea ireki du politikan. Comunes (Komunaren Indar Iraultzaile Alternatiboa) alderdi politikoko zuzendaritza nazionaleko kide da 2017ko abuztutik, eta Kolonbiako Errepublikako senataria 2018tik. Gainera, emakume gerrillariak buru dituen 'Feminismo Insurgente' mugimenduaren sortzaileetako bat ere bada.
Sandinoren zeregina bake-akordioetan
Victoria Sandino Kolonbiako bake-prozesuko emakume bozeramaile bakarra izan zen. Aktiboki parte hartu zuen FARC eta Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente ohiaren gobernuaren arteko bake elkarrizketen prozesuan Kolonbiako gatazka amaitzeko, bake-akordioak ezartzeko batzordeko kide gisa, alegia. 2016ko irailaren 26an Cartagena de Indiasen (Kolonbia) Rodrigo Londoño Timochenko FACeko komandante ohiarekin sinatutako akordioaren ostean, Bakearen Nobel Saria jaso zuen Santosek.
1964. urtean Kolonbian piztutako gatazka armatuari deitzen zaio 'Kolonbiako gatazka', zeinen eragile nagusiak Kolonbiako gobernuak, eskuin muturreko paramilitarrak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak (FARC) zein Askapen Nazionalerako Armada - Kamilista Batasuna (ELN) guerrillak izan diren.
Hala ere, 40 urtetik gorako indarkeriaren ondorioak ez ziren 2016ko bake-akordioekin eten. Izan ere, ACNURen datuen arabera, 2017an barne-desplazatuen kopuru handiena izan zuen lehen herrialdea izan zen Kolonbia, 2 milioi barne-desplazaturekin. Nazio Batuen erakunde horren arabera, emakume nekazarien, indigenen eta afro-ondorengoen lekualdatze behartuak izan dira gatazkaren ezaugarri nagusienetarikoak.