TASIO MARTIN ELORRIETA

“Urte luzez egindako lan guztiaren emaitza da tontorra”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko abe. 28a, 07:00

Marc Toralles (ezkerra) eta Tasio Martin (eskuma) 'Txoria Txori' bideko lehenengo saiakeran. / T.M.E

TASIO MARTIN ELORRIETA (Urduña, 2000) karrera meteorikoa ari da egiten alpinismoan. Kataluniako Mendi Federazioko Teknifikazio Taldean eman ditu hiru urte eta orain Espainiako Alpinismo Taldearekin hasi du ibilbidea. Udan Indian egon zen, inork inoiz zapaldu ez dituen tontorretan.

Has gaitezen hasieratik. Alpinismoan eta goi-mendian murgildu aurretik, non eman zenituen zure lehenengo urratsak?

Familian beti izan dut lotura estua mendia eta naturarekin. Txikitatik, aita eta amarekin hamaika irteera egin izan ditugu: trabesiak bizikletan, arroila-jaitsiera, piraguismoa… 12-13 urterekin mendi garaiagoetara joaten hasi ginen, Piriniotan nire lehenengo hirumilakoak igo nituen eta  eskalatzen hasi nintzen ere.

Urteak joan eta urteak etorri, gurasoekin mendira joateari utzi nion, eta lagunekin zein mendi-gidari batekin hasi nintzen alpinismoa praktikatzen eta teknifikatzen.

Paraleloki eskalada txapelketetan parte hartzeari ere ekin nion. Argi nuen etorkizunean ez nintzela horretan buru-belarri arituko, baina oso etapa polita izan zen. 2017an gainera Euskal Federazioko Alpinismo taldean sartu nintzen, eta nire formazioarekin jarraitu nuen.

Hastapen hauek, edo nire lehenengo etapa hau, Ama Dablameko espedizioarekin itxi eta borobildu genuen nolabait. Etxean beti egon da oso lotura estua Ama Dablam mendiarekin; gurasoak 1995ean egon zirne bertan, aitari motxila erori zitzaion eta behera egin behar izan zuen, eta nire ama beste  lagun batzuekin batera igo zen tontorrera. Horregatik zen berezia aitarekin bertara joatea. Batxilergoa bukatutakoan urte sabatikoa hartu nuen unibertsitatera joan aurretik. Ingalaterran egon nintzen ingelesa ikasten eta espediziorako praktikatzen. Gauzak horrela 2019ko maiatzean Himalaiara joan ginen.

Etxeko kapituloa itxi eta Kataluniako Mendi Federazioko Alpinismo Teknifikazio Taldean (CTAC) sartu zinen. Nolakoa izan zen jauzia?

2019ko irailean, ikasturte berriarekin batera Lleidara joan nintzen unibertsitate ikasketak egitera, fisioterapia eta jarduera fisikoaren zientzietako gradu bikoitz bat, bost urte orotara. Granada zen neukan bigarren aukera, baina banekien Lleida eskalada paradisu bat zela, eta hona etortzea erabaki nuen.

Alpinista batzuk ezagutzen nituen hemen eta enteratu nintzen CTACen aurreko deialdia bukatu berri zela eta urte hasieran talde berria osatuko zutela, eta hautapen-probetara sartzea erabaki nuen. Oso aukera ona iruditzen zitzaidan, nagusiki alpinismoa praktikatzeko jendea ezagutzeko helburuarekin. Curriculuma bidali nuen federaziora ordura arte egindako kontuekin, urtarrileko asteburu batean egin genituen frogak eta hautatu egin ninduten taldean parte hartzeko.

Hiru urteko ibilbideari ekin zenion orduan, alpinismo formazio sakona jasotzeko helburuarekin. Zeintzuk dira egindako ekintza nabarmenenak, edo jasotako nozio nagusiak?

Hiru urteetatik lehenengoa da formakuntzari gehien bideratu genuena. Formakuntza saio oso interesgarriak jaso genituen. Roger Cararach eta Marc Toralles dira CTACeko zuzendariak, maila altuko alpinistak biak eta asko ikasi dugu beraiekin. Horrez gain, beste hainbat eskalatzaile eta alpinistekin formakuntza saioak jasotzeko aukera izan dugu ere. Izotz eskaladan, eskalada artifizialean edota auto-erreskatean trebatu gara, besteak beste. Azken finean, CTACen helburua alpinistoi ahalik eta tresna eta trebakuntza gehien eskaintzea da, norberaren defizitak landu ahal izateko.

“Ahalik eta tresna eta trebakuntza gehien eskaintzea da CTACen helburua”

Formazio saio bat nabarmentzearren, eta bereziki nork eman zigun kontuan hartuta, Silvia Vidalek emandako formazioa litzake. Eminentzia bat da eskalada munduan, Urrezko Pioleta irabazi zuen iaz. Berarekin bakarkako eskaladan trebatu ginen. Bakarkako eskalada ez da oso ohikoa, eta gu ez gaude horretara ohituak. Maniobra eta tresna interesgarriak erakutsi zizkigun, oso baliagarriak.

Asko mugitu zarete ere, etxe inguruko Piriniotatik hasi eta Alpeetaraino.

Lehenengo urtea formakuntzari enfokatua dago nagusiki, bigarren urtean kontzentrazio luzeagoak eta bidaia gehiago prestatu genituen; Alpeetan egon izan gara hainbatetan. Norbegiara joan ginen izotzean eskalatzeko; Rjukan zonaldean egon ginen, izotzezko paradisu bat.

Marokora ere joan ginen eskalatzera. Bidaia hura zoragarria izan zen, bi aste egin genituen Taghia inguruan, eskaladaren paradisu batean. Gure kezka bakarra hurrengo egunean zer eskalatuko genuen pentsatzea zen.

‘Babel’ bidea eskalatu zenuen Taghian, zuk bakarrik.

Oso esperientzia gogorra eta polita izan zen. Bi gau eman nituen horman 18 luze eta 800 metroko bidea osatu ahal izateko. Gogo asko nituen urrutiko horma batean bakarrik egoteko, berezia izan zen. Nire lehenengoa aldia zen horma batean bakarrik, bakardade sentsazioa izugarria zen. Mentalki beste kontzentrazio bat behar duzu, erantzukizun guztia zurea da ehuneko ehunean.

“Mendiko Lagunaen beka jaso nuen, beti dude laguntzeko prest, eskertzekoa da hori”

Hiru urteko ibilbidea ixteko Indiako Himalaiara joan zarete, Zanskar ingurura. Nolakoa izan zen prestaketa?

CTACeko hirugarren urte osoa eman genuen espedizioa prestatzen. Hainbat aukera genituen, tartean Boliviara joatea. Azkenean, Indiako Himalaiara joatea erabaki genuen, Zanskar izeneko zonaldera. India eta Pakistanen arteko mugan dagoen harana da Zanskar, eta duela hamar urtera arte turismora itxita egon da. Zonalde konfliktiboa da, eta oso gutxi esploratua. Horrek asko erakartzen gintuen, inork inoiz igo ez dituen mendiak eta hormak aurkituko genituelako bertan. Mundu globalizatu honetan aurkitzeko hain zaila den abentura nahi genuen guztiok, leku ezezagun batean murgiltzea.

Finantziazio bila ibili ginen bidaia egin ahal izateko. Nik Mendiko Lagunaken beka jaso nuen, beti daude laguntzeko prest eta oso eskertzekoa da. Kamisetak ere egin genituen eta oso harrera ona izan zuten.

Zer aurkitu zenuten bertan?

Oinarrizko kanpalekua montatu osteko hasierako egunak inguruan genuena esploratzen igaro genituen, Google Earth bidez tontorrak identifikatzen eta informazioa biltzen.

Gure lehenengo saiakera ia 6.000 metroko mendi bat izan zen, inork aurretik saiatu gabekoa. Buelta eman behar izan genuen, baina oso esperientzia aberasgarria izan zen. Erabakia momentuan ez zen erraza izan, baina horrelako egoerek irakaspen handiak uzten dituzte.

Bertatik jaitsi eta erronka berrien bila hasi ginen, hortik atera dira etxera ekarri ditudan bi bideak ‘La gent que estimo’ eta ‘Txoria txori’. ‘La gent que estimo’ igotzea berezia izan zen, Jordirekin egin nuen eta urte zaila igaro du azkenaldian; euforiko geunden tontorrean.

‘Txoria txori' bidea oso berezia izan zela aipatu duzu behin baino gehiagotan.

Bai, egindako bideetatik bereziena. Mendi ikusgarri baten argazkia aurkitu genuen Zanskarreko infromazioa biltzen ari ginela, eta zein izan zitekeen bilatzeari ekin genion Google Earth bidez.

Bi mendi ziren, bata bestearen alboan, harrizko horma ikusgarriekin. Bi taldetan banatzea erabaki genuen; ni Marcekin batera joan nintzen. Bertara joan ginen, zer aurkituko genuen jakin gabe. Egundoko horma aurkitu genuen parez pare, oso estetikoa. Pribilegio hutsa da inor egon ez den toki  batean egotea.

Eskalada izugarria izan zen, egiten genuen luze bakoitza aurrekoa baino hobea zen, liluratuta geunden. Gaua egin zitzaigun eta horman egin genuen lo. Egundoko gau txarra pasa genuen, euria etengabe egin zuen. Goizean blai eginda eta hotz geunden, eta ateri zegoen arren, jaistea erabaki genuen; izan ere, hurrengo egunerako eguraldi iragarpenak ez ziren batere onak.

‘La gent que estimo’ Jordirekin igo ostean bigarren saiakera bat egin genuen Marc eta biok. Bigarren saiakerarako erabaki genuen horman lorik ez egitea, eta egun bakarrean igotzea. Lehenego luzeak ondo ezagutzen genituen eta azkar igo ginen. Azken zatian gauzak zailago jarri ziren, eta elurra ere hasi zuen, baina aurrera jarraitu genuen eta ilundu aurretik iritsi ginen tontorrera. Jaitsiera rapelak, ordea, gauez eta itsu-itsuan egin genituen. ‘Txoria txori’(760m, 7a+) izena jarri genion bideari, nire gurasoen omenez, tontorra, aldiz, Punta Guillem Aparicio izendatu genuen duela urte batzuk hil zen Marcen lagun baten omenez.

Une berezia izango zen inork zapaldu gabeko tontorrera iristea, ezta?

Oso une hunkigarria izan zen, ezin da deskribatu, asko emozionatu nintzen. Azken finean, urte luzez egindako lan guztiaren emaitza da une hori. Bide hori guztia islatzen da tontorrean, hori da tontorrak duen gauzarik ederrena.

 Marcekin bertan egoteak ere, askoz bereziagoa egiten zuen dena. Betidanik mirestu dudan pertsona izan da Marc, egundokoak egin ditu alpinismoaren munduan, eta orain nire lagun mina dela esan dezaket. Oso harreman estua sortu dugu CTACeko denboran. Argi daukat Marcekin dudan harreman eta konexio horregatik ez balitz ez genukeela gure helburua lortuko. Konfiantza osoa dut berarengan.

CTACeko etapa itxi Espainiako Alpinismo Taldean hasi zara.

Bai, otsailean egin nituen frogak eta hautatua izan nintzen. Honezkero egin ditugu topaketa batzuk, azkena Andaluzian, Sierra Nevadako errendiemendu altuko zentroan. 

Oso ilusionatuta nago, talde majoa daukagu. 2024ra arte egongo naiz beraiekin. Mikel Zabalza da gure zuzendaria, eta pasada bat da bere gisako kirolari baten gidaritzapean egotea, ziur asko ikasiko dugula.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide