HARRI PASKIER

“Aiarako Bira irabazi nahiko nuke”

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko abe. 27a, 11:00

Aiara Txirrindulari Elkarteko kidea da Harri Paskier gaztea. / Aiaraldea.eus

HARRI PASKIERek (Lendoñobeiti, 2007) bere lehenengo denboraldia egin du Aiara Txirrindulari Elkarteko mailota jantzita, eta hainbat garaipen lortu ditu. Hastear den errepideko denboraldiari ekiteko irrikaz dago.

Zure lehenengo urtea igaro duzu Aiara Txirrindulari Elkartearekin lehiatzen; nola joan da?

Oso pozik egon naiz. Espero nuen ondo egitea, entrenamenduak eta prestaketa zorrotz eraman ditut eta.

Arabako Txapelketan bigarren geratu nintzen, baita San Joseko lasterketa klasikoan ere. Araba Challenge txapleketan ere lehenengo geratu nintzen lehen urteko kategorian, eta sailkapen orokorrean hirugarren.

Hainbat lasterketatan lehenengo postua lortu dut lehenengo urteko kadeteen kategorian, eta beste hainbetse podium orokor. Aiara Txirrindulari Elkartean lehenengo urtea izateko oso gustora nago. 

Noiz hasi zinen txirrindularitzan?

Betidanik izan dut gogoko kirol hau. Amurrioko taldean eman nituen eskola-kiroleko urteak, eta iaz Aiara Txirrindulari Elkartearekin lasterka egitera pasa nintzen. Profesional mailara iritsi nahiko nuke.

Entrenamenduen garrantzia aipatu duzu. Nolakoak izan dira zure prestakuntza-saioak?

Kadete mailan nago oraindik, ez gara profesionalak, baina serio hartu ditut entrenamenduak. 50 eta 60 kilometro arteko saioak egin izan ditut. Barrerilla mendatean nahikotxo estutu izan dut.

Zein da zure indargunea lasterketetan?

Eraso egitea eta mugitzea dut gogoko, tropelean aspertu egiten naiz. Denboraldian egindako lasterketa onenetarikoa Aranan jokatutakoa izan zen. Lasterketa gogorra izan zen, hasieran eraso egin nuen beste bi txirrindularirekin batera eta 60 kilometro eman genituen ihesean. Lehenengo urteko lehen postua lortu nuen, eta sailkapen orokorreko bigarrena.

Nire indargunea mendateak direla esango nuke. Lendoñobeitin bizi naiz, eta edonora joateko portu txikiren bat igo behar dut. Asko gogoko dut mendateak igotzea.

Ziklo-kros denboraldian murgilduta zaudete orain. Zelan daramazu?

Ez dut bereziki gogoko ziklokrosa, baina ondo dago, txirrindulan ibiltzeko eta entrenatzeko aitzakia ona baita. Zornotzako ziklo-krosean 6. postua lortu nuen, hori izan da ziklokrosean lortu dudan emaitzarik onena. Iragan astean Puenteviesjon egon nintzen, dena ondo zihoan, primeran ari ginen, baina katea atera zitzaidan azekn itzulietan.

Martxoan berriro hasiko duzue errepideko denboraldia, zeintzuk dira zure erronkak?

Nire helburua Aiarako Bira irabaztea da. Oso motibatuta nago eta aukerak ditudala uste dut. Etapa potenteak dira, baina ondo ezagutzen ditugu errepide hauek.

Aiarako Bira irabazteko asmoa duzula diozu, zelan moldatu zinen azken edizioan?

Ondo egin nuen, baina Okondoko etapa korapilatu egin zitzaidan. Oso etapa gogorra zen Okondokoa, 10 lagunez osatutako tropel txiki bat geunden ihesean, eta helmugara iristeko 200 metroren faltan erori egin nintzen. Bigarren postua eskuratu nezakeen baina erorikoak asko atzeratu ninduen eta sailkpaen orokorrean ere behera egin nuen. Lehenengo hamar sailkatuetatik kanpo geratu nintzen.

Nola ikusten duzu taldea orokorrean?

Talde indartsua daukagu, lehenengo urteko txirrindulari berriak oso ondo dabiltza. Jon Egia da horietako bat, maila altua dauka. Ziklo-krosean Iker Colmenero oso emaitza onak erdiesten ari da. Ekhi Uriartek ere asko hobetu du. Orokorrean, talde ona daukagu gauzak ondo egin ahal izateko.

Etorkizunera begira  non gustatuko litzaizuke ikustea zure burua?

Profesional mailan lehiatzea gustatuko litzaidake, eta Frantziako Tourrean lehiatzea eta irabaztea.

Zeintzuk dira zure erreferenteak txirrindularitzan?

Une honetan oso gustoko dut Renco Evenepoel. Munduko txapleketa, Espainiako Itzulia, Liejako klasikoa edota Donostiako klasikoa irabazi ditu, besteak beste. Beti dago erasoan, ikuskizun hutsa da bera ikustea, eta nik hori asko miresten dut. Pogačar eta Landa ere asko gustatzen zaizkit.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide