8.307.186,64 euroko udal aurrekontuak onartu dituzte Urduñan hurrengo urterako

Aitor Aspuru Saez 2022ko abe. 29a, 08:06

2023ko aurrekontuak onartu ditu jadanik Urduñak. / U. U.

Aurrekontuak EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu dituzte eta Urduñederra eta Urduñako Arkupea enpresen aurreikuspenak ere hartzen dituzte barne.

8.307.186,64 euroko aurrekontu bateratua onartu zuen Urduñako Udalak abenduaren 27an eginiko osoko bilkuran. Udala eta bere bi sozietateak barnebiltzen ditu plangintza ekonomikoak: Urduñederra, S.L. eta Urduñako Arkupea, S.L.

2023rako, aurreko ekitaldian baino 741.782,10 euro gehiago izango ditu tokiko erakundeak. Aurrekontuek EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin egin zuten aurrera.

Urduñako Udalari dagokionez, diru-sarreren eta gastuen aurrekontua 6.575.175,48 eurokoa izango da. Aldiz, Urduña Ederra SL sozietateak, 481.130,52 euroko diru-sarrera eta gastuen aurrekontua aurkeztuko du. Bestalde, Urduñako Arkupea SL sozietateak 2.120.765,64 euroko diru-sarreren eta gastuen aurrekontua izango du hurrengo ekitaldirako.

Diru sailak horrela banatu dituzte:

  • Ogasuna eta Barne Araubidea: 2.107.502,40€ (%32,05), 2022an baino 165.723,96€ gehiago, batez ere 2023rako soldata-igoerengatik, arkitekto-lanpostu berri bat sortzeagatik eta elektrizitatea eta gasa bezalako horniduretan gastu handiagoa izateagatik. Izan ere, 2022. urtearekin alderatuta, hazkundea handia izan da.
  • Obrak eta Zerbitzuak: 774.164€ (%11,77), 2022an baino 31.671,64€ gehiago, egingo diren inbertsio berrien ondorioz. Oro har, mantentze lanetako partidaren bat gutxitu da, eta handitu egin dira asfaltozko inbertsioak, bideen konponketak, Kale Nagusiko saneamenduko inbertsioa eta Licenciado Poza plazako urbanizazioa.
  • Gizarte Ongizatea: 962.700,00€ (%14,64), 2022an baino 267.784€ gutxiago. Izan ere, 2021ean egoitzako 2020ko eta 2021eko defizita bere gain hartu behar izan zuen Udalak, okupazio txikiaren ondorioz batez ere. 2022an, eskatutako mailegu bati aurre egin behar izan zitzaion COVID-19ak sortutako gastuez arduratu ahal izateko. Gizarte Ongizateko gainerako partidak mantendu egin ziren.
  • Kultura, Euskara, Kirolak eta Hezkuntza: 550.543€ (%8,37), 2022an baino 48.148€ gehiago, batez ere, zerbitzuen kostuen igoerarengatik, kontratazio kostuen igoerarengatik, eta Musika Eskolaren proiektuak 2023an harrera onagatik jarraitzen duelako.
  • Hirigintza eta Ingurumena: 1.377.042,04 € (%20,94), 2022an baino 393.822 € gehiago, batez ere Landatas eta María Dolores Madaria auzoetako zerbitzuen igoeren eta hiri-berrordenatzearen ondorioz.
  • Ekonomia Sustapena: 803.224,04 € (%12,21), 2022an baino 226.973,04 € gehiago, Urduña Lanean proiektuaren ondorioz, non 10 pertsona kontratatu diren, turismoan proiektu berriak garatzeko, industria-sektorearen dinamizazioa egiteko eta, batez ere, elikadura-estrategian aritzeko.

Udalak aurreikusitako inbertsio nagusiak honako hauek dira: 

    • Poza Lizentziatuaren plaza urbanizatzea Kale Nagusian (360.000 euro, horietatik auzokideek kostuaren %60 ordainduko dute).
    • Kale Nagusiko eta Agua Saladako saneamendua hobetzea (50.000€). 
    • Plan Orokorraren Berrikuspenaren jarraipena (60.674,04€). 
    • Eras de Polanco asfaltatzea (15.000 €).
    • Getxako aparkalekua (15.000€). 
    • Bide konponketak Ruzabalen (11.000€). 
    • Makinak, hiri-altzariak eta gainerakoak erostea (25.000€). 
    • Bulegoetako altzarietan eta ekipo informatikoetan inbertsioak egitea (10.000€).

Zorrak

Tokiko erakundeak 170.293,82€ ordaindu beharko ditu Kutxabanken 2004 eta 2005 urteetako maileguengatik, Urduñederra, S.L. sozietatearen zorrez gain (121.437,84€). 2023an, beraz, Urduñak 291.731,66€ ordaindu beharko dizkie erakunde hartzekodunei.

Aiaraldea Berpizteko Berehalako Ekintza Planaren bidezko dirulaguntzak

Berpiztu Euskadiko ekonomia eta enplegua suspertzeko 2022-2024 programaren aldetik, Urduñako Udalak hainbat laguntza jaso ditu. Alde batetik, Lurralde Plangintza Sailetik, 1.650.000€ jaso ditu Landatas eta María Dolores Madaria auzoak biziberritzeko. Udalak kudeatuko dituen bizilagunentzako laguntzak dira horiek. 

Gainera, Kultura Sailak 700.000€ esleituko dizkio Udalari ondare historikoa berreskuratzeko eta, azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak 80.000€ bideratuko ditu udalerrian turismoa bultzatzeko proiektuak egiteko.

Proiektu horiek 2022., 2023. eta 2024. urteen artean garatu beharko dira, egitasmoaren irismenaren arabera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide