TIM MEUSEN

“Holandarrak oso zuzenak gara gure iritzia emateko”

Allende Solaun Boada 2023ko urt. 5a, 12:30

Urduñan bizi da Tim Meusen. / Aiaraldea.eus

TIM MEUSENek (Reuver, Herbehereak) Erasmusean zegoela ezagutu zuen Urduña eta karrera amaituta bertara bizitzera joatea erabaki zuen. Hainbat kontuz mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin, tartean Herbehereetako Gabonetako ospakizunen inguruan.

Nola amaitu duzu Urduñan bizitzen?

Korapilatsu samarra da. Erasmusa egin nuen Bilbon, San Mamesen, eta txirrindularia nintzenez, talde bat bilatu nuen hemen lehiatzeko. Taldeko laguntzailea Urduñakoa zen eta ingurua erakutsi zidan. Asko gustatu zitzaidan. Holandara itzuli nintzen gradua amaitzera, baina hona itzultzeko eta talde profesional batean sartzeko asmoa nuen oraindik. Karrera amaitu bezain laster etorri nintzen. Etxera bueltatzeko zorian egon nintzen; baina, zorionez, lan bat aurkitu nuen. Sei hilabetetik urtebetera, urtebetetik urte eta erdira… eta azkenean etxe bat erosi dut. 

Oso ezberdinak dira Herbehereak eta Euskal Herria?

Bai, batez ere, kaleko bizitzan. Hemen arratsaldez bizitza dago kaleetan. Jaia ere oso desberdina da. Herberehetan 03:00etan amaitu egiten da eta bizikletaz zoaz etxera. Oro har, hemen irekiak zarete, baina kontu handiz hitz egiten duzue. Holandarrak, aldiz, oso zuzenak gara gure iritzia emateko. Pentsatzen duguna esaten dugu. Hala ere, zaila iruditzen zait hona egokitzea, beti izango baitzara atzerritarra. Sentitzen dut hori ez dela inoiz aldatuko. 

Nola ospatzen dituzue Gabonak Herebeheretan?

San Nikolasek ekartzen ditu opariak, abenduaren 25eko gauean. Haurrek tximiniaren azpian jartzen dituzte zapatak, baita San Nikolasen zaldiarentzako azenarioak ere. Bertan opariak sartzen dituzte eta txokolateak jasotzea oso tipikoa da. Hala ere, Amerikaren eraginez zerbait aldatzen ari da, batzuek orain abenduaren 25a ere ospatzen baitute.

Istorio bitxia dago San Nikolasen atzean, ezta?

Bai, Espainiatik dator, gainera. Istorioak dioenez, ondo portatzen ez bazara, San Nikolasek zakuan eramango zaitu Espainiara. Holandan polemika egon da bere laguntzaileekin, historia ofizialaren arabera Afrikako esklaboak direlako, eta horregatik mundu guztiak beltzez magortu ohi duelako aurpegia egun horretan. Orain, manifestazioak egin ondoren, aldatu egin da tradizioa, eta orban batzuk baino ezin dira margotu, tximiniatik jaistean zikindu bagina bezala. Betiko ohitura da, eta batzuentzat gehiegizkoa izan da erabakia. Niretzat, haurrentzat beldurgarriak izan daitezkeen Aste Santuko jantziak aldatzea hobe dela esatea bezala da. 

Txirrindularitzaz gain, dj munduan ibilia zara, ezta?

Bai, Holandan nengoela lagunen festetan musika jarri nuen hainbatetan. Urduñara etortzean, iruditu zitzaidan jende asko dagoela pintxopotean, adibidez, baina gauean ez dagoela hainbeste mugimendurik. Lagun batek esan zigun Amnesiako jabea ezagutzen zuela, eta Borja Martinek eta biok festa bat antolatzen animatu ginen. Ondoren, pare bat aldiz deitu ziguten Laudiotik, antzokitik. Pixka bat garatu dugu orain eta Delikako, Lezamako eta Ugarteko jaietan ere izan gara. Elektronika, EDM eta abar dira jarri nahiko nituzkeen musika generoak, baina hemen jendeak reggeaton besterik ez du nahi, eta nik ia ez nuen ezagutzen. Hala ere, denetarik jartzen saiatzen gara, euskarazko musika eta adineko jendearentzako kantu zaharragoak, esaterako.

Nondik dator Varro izena?

Varro izena lagunen arteko txantxa batetik dator, futbol partidetako bideo-epailea (VAR) eta festa giroan 'lokatsa' deitzen zaion egoera nahasten dituena. Lehenengo aldian, Laudioko antzokian egon ginenean, gauza bitxia gertatu zen. Aurreko astean aretoa urez bete zenez, uholde batengatik, jendeak uste zuen txantxa zela guri ‘Dj Varro’ deitzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide