ITZIAR BIGURI UGARTE

“Harresiko hiri parkeekin espazio publikoak bultzatuko ditugu klima aldaketari aurre egiteko”

Izar Mendiguren Cosgaya 2023ko urt. 10a, 07:00

Itziar Biguri Ugarte, udaletxeko bere bulegoan. / Urduñako Udala

ITZIAR BIGURI UGARTE Urduñako alkatea da. Urte aldaketaren atarian, 2022ko zedarri nagusiak azaldu ditu. Izan ere, etorkizunari begira oinarri sendo anitzak finkatu dituzte: energia eta elikadura burujabetza, kasu.

Udal sukaldea, elikadura burujabetza... Zer mami utzi du urteak?

Proiektu batzuk kontsolidatu egin dira, elikadura burujabetza kasu. 2022an Plan estrategikoa egin dugu, eta horrek 2025 bitarteko ibilbidea markatuko du; azpiproiektuak barne. Udal sukaldean, esaterako, eskola eta egoitzari menua emateaz gain, jantoki sozial bat zabaldu nahiko genuke. Horrez gain, Bedarbide elkartearekin lanean gabiltza, Haragi Eraldaketarako Zentroa eraikitzeko. Urduñako zein eskualdeko ekoizleentzat hiltegi txikia izango du, eta obrategia. Gainera, ikasteko modulua jarri nahi dute; eta hezkuntza lerroa abiatu.

Memoria historikoarekin kolunbarioa inauguratu duzue.

Historikoa izan da: lehenbizikoz lortu da elkartzea udal instituzioak, alderdi politikoak eta Espainiako estatuko ordezkariak zein Frankismoaren biktimen familiak. Bere garaian 14 gorpu atera genituen, baina memoria historikoa berreskuratzen jarraitu dugu. Estatuko dirulaguntzari eta Urduñako familien prestutasunari esker, sarrerako eskuinaldeko nitxoak bota eta ondoren hormigoi azpiko gorpuak lurretik ateratzeari ekin diogu, Gogorak Aranzadirekin duen programaren barruan. Beste 53 gorpuzki topatu ditugu azken indusketetan. Gertaera historikoa izan da.

“Historikoa izan da: lehenbizikoz lortu da elkartzea udal instituzioak, alderdi politikoak eta Espainiar estatuko ordezkariak zein Frankismoaren biktimen familiak”

Harresi historikoak eta parkeak garrantzia hartuko dute, proiektu berria medio.

Gure ondarea eta historia berreskuratzea da. Bizkaiko harresirik garrantzitsuenetako bat dugu (XIII. mendekoa). 2020an harresiko kubo-teilatua konpondu zen, baina bazen garaia beste erabilera bat emateko. 2023an egingo ditugu obrak, eta bi hiri parke izango ditu. Harresiaren zatia lasaitasun ikuspegitik eraikiko dugu, eta bestea mokadurako edo aisirako gune moduan. Hiri parkeekin espazio publikoak bultzatuko ditugu klima aldaketari aurre egiteko.

Kale bizitzari dagokionean, zein obra egin dira?

Maria Dolores Madaria inguruan auzokideekin adostu dugu diru publikoa bideratzea espazio peatonala eta plaza publikoa bilakatzearen truke. Poza Lizentziatuko auzunean berdina egiten ari gara, eta Antiguara proposamen bera eramango dugu. Bestalde, Juan Garain aparkalekua mantentzea erabaki dute bizilagunek, baina zelaia urbanizatuko dugu aparkalekua handitzeko. Horrez gain, bidegorria konpondu da, pista batzuk asfaltatu dira, skate parkean bainera bat jarriko da, rokodromoa egiten dabiltza...

Urduñako herri eskolan ere aldaketak datoz.

Hormigoia kenduko dugu, eta espazio berdea handitu. Zuzendaritza curriculum pedagogikoa moldatzen dabil gune berdeak gehiago erabiltzeko. Besteak beste, ikasteko gune edo gela bat jarriko da kalean. 

Hanka ugariko proiektua da: batetik, herritarrei gozatzeko gune berdea emango zaie; eta, bestetik, izugarria izango da ingurumen zein hezkuntza ikuspegitik sortuko den espazio berdea; aldaketa klimatikoa saiheste aldera.

“Jendeak ez du ulertzen, esaterako, zergatik bihurtu dugun Foru plaza oinezkoentzat bakarrik. 2014. urtean trafikoaren ikerketa egin zen, eta egungo egoera aztertuko dugu Urduñako trafiko guztia antolatzeko”

Energiari dagokionez, plan estrategikoak zer bide markatuko du?

Energia estrategikoa da. Gure proposamena energia subiranotasuna lortzea da. 2022an frontoian plaka fotoboltaikoak jarri ditugu, udal eraikinetarako energia sortzeko. 

Aldi berean, energia diagnostikoa egiten gabiltza, eta komunitate energetikoa sortzen hasi gara: 50 pertsona elkartu gara. Aiaraldean sortutako lehen komunitate energetikoa izango da Urduñakoa (bailarakoa izango da, Urduñakoa eta Arrastariakoa). Funtsean, elikadura burujabetzarekin egindakoaren antzekoa da: plan estrategikoa egingo dugu energia burujabetza lortzeko herritarrekin, elkarteekin, komertzioekin eta Udalarekin.

Urte estrategikoa izan da, beraz, 2022a?

Bai. Etxebizitza, energia, elikadura burujabetza... Orain arte sustapen ekonomikoa turismoari begira egon da (komertzioak, ostalaritza...) eta industria sektorea alboratuta geratu da. Pertsona baten inkorporazioarekin, gutxinaka badoa industria bere tokia hartzen. Bestalde, Urduña hiri bezala garatzen eta ezaugarritzen joateko, HAPOa berritzen hasi gara. Jendeak ez du ulertzen, esaterako, zergatik bihurtu dugun Foru plaza oinezkoentzat bakarrik (udaletxe aurreko zatiak ez du trafikorik). 2014. urtean trafikoaren ikerketa egin zen, eta egungo egoera aztertuko dugu Urduñako trafiko guztia antolatzeko. Horretarako parte hartze prozesua egingo dugu herritarrekin eta hiriko komertzioekin, eta hortik ateratako proposamena jarriko dugu martxan. Espazioak herritarrentzat izan behar dira, eta Alde Zaharra zaindu behar dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide