Ostegunean polizia operazioa egin zuen Ertzaintzak Belandiako baserri batean. Erregistroa ostiralera arte luzatu zen, eta Aiaraldea Komunikabideak orduan izan zuen horren berri, hainbat bizilagunek ohartarazita. Ertzaintzako prentsa bulegoak, aldiz, uko egin zion gaiari buruzko informazioa emateari, operazioak irekita jarraitzen zuela argudiatuta. Bien bitartean, erregistroko zenbait irudi bolo-bolo zabaldu ziren Whatsapp eta bestelako sare sozialen bidez.
Gaur, Vocento taldeak orri osoko albistea argitaratu du gaiari buruz, iturri propioak baliatuta. Artikulu horren arabera, jada enpaketatuta zeuden 5 tona kalamu topatu zituzten Belandiako baserrian eta, ondorioz, "EAEn inoiz egondako kalamu konfiskazio handiena" da. Vocentok ere aipatzen du pertsona bat atxilotu zutela operazioan. Hala ere, artikuluaren amaieran aipatzen da operazioan atxilotutako pertsonak argudiatu zuela kalamu guztia CBD motakoa zela. CBD motako marihuanak ez du elementu psikoaktiborik eta bere kontsumo eta ekoizpena, berez, ez dago legez kanpo.
Aiaraldea Komunikabidea Ertzaintzako prentsa bulegoarekin jarri da gaur berriz harremanetan, baina poliziak adierazi du momentuz ez dutela gaiari buruzko informaziorik emango, operazioak irekita jarraitzen duela eta goizegi dela azpimarratuta.