ELENA BARKER

“Musika eta artisten lana zaindu, eta festa seguroak antolatzeko asmoz jaio zen Synthetika”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urt. 27a, 08:00
Synthetika kolektiboko kidea da Elena Barker. / Aiaraldea.eus

ELENA BARKER (Urduña, 1997) Synthetika kolektiboarekin batera ibilbide labur bezain oparoa egin du honezkero musika elektronikoaren munduan. 

Nola murgildu zinen tekno-musikaren munduan?

Ikusentzunezko komunikazioa ikasi ditut nik. Karrera amaituta Madrilera jo nuen ikasketekin jarraitzeko. Ez nuen batere argi zein alorretan espezializatu, eta denetarik probatu nuen: argiztapena, arte-zuzendaritza… Gutxika ohartzen joan nintzen musikan oinarritutako garapen artistiko pertsonalago batean sakondu nahi nuela. Nire Gradu Amaierako Lana bideo bidezko pieza artistiko bat izan zen, eta bertako abestia nik neuk ekoitzi nuen inolako ezagutzarik gabe. Nire buruari galdetzen nion, ordea, ea nor nintzen ni mundu horretan sartzeko. Izan ere, aurretik ez nuen inolako heziketa musikalik jaso.

Madrilen lehenengo urtea igaro ostean, geroz eta argiago nuen musikarekin erlazionatutako zerbait ikasi nahi nuela, eta musika eskola batean izena ematea erabaki nuen. Produkzio musikaleko kurtso bat egin nuen, eta DJ ikastaro bat egitera ere animatu nintzen. Astelehenetik ostiralera, berandura arte geratzen nintzen eskolako kabinetan musika pintxatzen, eromen hutsa!

Madrileko nire lagun-taldeko askok harreman zuzena dute musika munduarekin, eta horietako batek festa batean pintxatzera gonbidatu ninduen hiriko iparraldeko areto batean. Hori izan zen nire lehenengo pintxada ofiziala. 

Synthetika kolektiboko kidea zara zu. Zertan datza kolektibo hau?

Musika eta artisten lana zaintzeaz gain, jai-giro, espazio eta festa seguruak sortzeko helburuarekin jaio zen Synthetika kolektiboa. Bertan parte hartzen duten kide asko Berlinen bizi izan dira azken urtean, eta tekno-musikaren kulturak bertan dituen ezaugarriak ekarri nahi izan dituzte hona; hau da, LGBTQ+  kolektiboarentzako espazio seguruak sortzea eta tekno musikaaren ekoizpena ardatz nagusia izatea.

“Eromen hutsa iruditzen zait honaino iritsi izana; zortzi hilabete baino ez ditu proiektuak, eta oraindik ere bizitako guztia sinetsi ezinik nago”

Nola batu zinen zu Synthetika kolektibora?

Nire lehenengo pintxadaren ostean ezagun batek idatzi zidan Instagram bidez, kolektiboa sortzeko lanetan ari zirela eta Gernikako Astran jai bat antolatu behar zutela esanez. Bertan pintxatzea proposatu zidan eta nik baietz esan nion inolako zalantzarik gabe.

Gernikara joan nintzen eta lehen begiradako maitasuna izan zen hura. Hasiera hasieratik oso konexio berezia sortu zen nire eta Synthetika kolektiboko kideen artean. Ni liluratuta nengoen, izugarria iruditzen zitzaidan, non eta Gernikan, tekno-musika ardatz zuen festa queer bat antolatu izana. Oso giro ona zegoen, eta bertaratutakoak oso eskertuak zeuden hori antolatu izanagatik. 

Bigarren festa bat antolatu zuten, orduko hori Berlinen. Joan nahi nuen galdetu zidaten eta nik segituan erantzun nien baietz. Festaz festa kolaboratzen jarraitu nuen harik eta kolektiboko DJ egoiliar bezala hartu nauten arte.

Zer desberdintasun dago Berlingo eta Euskal Herriko tekno -musikaren eszenen artean?

Teknoaren kultura zeharo desberdina da leku batean eta bestean. Hemen orain pixkat komertzializatzen ari denez estigma batzuk galtzen ari da, baina orain arte beti egon da drogarekin eta giro ilun batekin oso erlazionatuta. Eredu falta handia dago.

Alemanian, eta Berlinen nagusiki, publikoa behar sozialak asetzeko baino, musika entzute hutsagaitik jotzen du tekno saioetara. Hemen ohikoa da horrelako saioetan kuadrillaka edo zirkuloen bueltan elkartzea; bertan ez, bertan jendea adi-adi dago DJak zer egingo zain.

Berlineko areto batean pintxatzeko aukera izan duzu zuk. Nolako esperientzia izan zen?

Undergound eszenako areto txiki batean izan zen saioa. Izugarria izan zen! Jendea bertan adi-adi egoten da Djak egiten duenari, eta, horri esker, oso konexio berezia sortzen da publikoarekin. 

Jendea oso entregatuta egoten da Berlineko lokaletan, publikoaren berotasuna igartzen da. Ematen duzun bezain beste jasotzen duzu publikoaren aldetik. Oilo-ipurdia jartzen zitzaidan.

Espazio seguruak sortzea da kolektiboaren ardatz nagusietako bat. Nola egikaritzen duzue hori?

Gure helburua da ohikoan baztertuak diren kolektiboek espazio seguru eta ireki bat izatea. LGTB+ espazio bezala definitzen dugu gure burua, baina ez diogu ateak inori ixteko asmorik; betiere errespetuzko jarrerak  nagusitzen badira. Festaz festa garatzen eta hobetzen goazen aspektua da hori. Festa guztietan zaintza-taldeak antolatzen ditugu. Zaintza-taldeko kideek besoko more identifikagarri bat eramaten dute soinean, eta festan edozein eraso edo egoera salatu nahi duen orok eurengana jo dezake.

Egia da urrats asko ditugula oraindik emateke. Hemen oraindik ez dago oso normalizatuta zaintza-taldeen presentzia. Guk ere asko dugu ikasteko, festa bakoitzaren ostean bilerak egiten ditugu egondako gorabehera desberdinak analizatu eta egoera zehatzak saihesteko neurri berriak proposatzeko. Gure eragin esparru nagusietako bat sare sozialak dira. Azken finean, adierazi eta aldarrikatu nahi dugun hori hedatzeko ahalmen handia duten tresnak dira hauek. Ezinbestekotzat dugu jendeak Synthetikaren jaiak espazio seguro eta askeekin erlazionatzea.

Zuen artean nola antolatzen zarete?

Kide ugari gaude Synthetikan eta gutako bakoitza gauza desberdinetaz arduratzen da. Ni bezala beste DJ egoiliar bat dago, beste jai batzutean, ordea, kanpotik etorritako DJak gonbidatzen ditugu.

Badago promozioaz eta jaien kudeaketaz arduratzen den beste lagun bat, sare sozialak kudeatzen dituena, diseinatzaile grafiko bat… Arlo desberdinak diren arren guztion iritzia hartzen da kontuan, etengabeko harremanean gaude beti.

Zein aretotan aritzen zarete nagusiki?

Syntehtikako kide gehienak Bilbo ingurukoak gara, baina gure azken jaiak Donostiako Dabadaban egin ditugu. Oso ondo funtzionatzen ari da Dabadabarekin dugun harremana, eta bertan antolatutako azken jaiak oso arrakastatsuak izan dira. Ziurrenik harreman jarraituago bat eraikiko dugu datozen hilabeteetan Donostiako aretoarekin. Gabonzaharrean ere bertan izan nintzen beste kide batekin musika pintxatzen.

El Balcón de la Lolan ere aritu gara noizbait, ni pertsonalki Synthetikatik kanpo ere bertan izan naiz musika pintxatzen, ‘El puñal dorado’ izenarekin. Bilboko Konpartsetan eta Boluetako Mito aretoan ere bai. 

Nola aurreikusten duzu zure eta Synthetikaren etorkizuna?

Duela urtebete nekez imajinatuko nuke honaino iritsiko ginenik. Nahiago dut gertatuko den horretan ez pentsatzea. Eromen hutsa iruditzen zait honaino iritsi izana. Zortzi hilabete baino ez ditu proiektuak, eta oraindik ere bizitako guztia sinetsi ezinik nago ni. Urratsez urrats joango gara orain aurrera, oinarri sendo bat sortzen. Gustatuko litzaiguke nazioarteko jaialdi handietan egotea, baina iritsiko da une hori dagokionean. Gaur gaurkoz gure kide batzuk Hego Korean daudela probestuz, streaming saioak antolatuko ditugu Seulen, bertako DJekin. Orain artekoak asebete egin nau honezkero, nik ez dut espektatiba handien beharrik. Gauzak era kolektiboan egiten direnean, inolako lehiarik gabe, ezinezkoa da hauek txarto joatea.

“Ukatu egin zaigun espazioa izan da eszenatokia, pozgarria da emakumeak bertan ikustea”

Euskal Herrian tekno festak antolatzen dituzten kolektibo gehiago sortu dira azken hilabeteetan.

Ez dugu ezer berririk asmatu; ezagutzen dugun eta gogoko dugun egiteko modu bat zabaltzea da gure asmoa. Izan Synthetika, Harrika edo RedLux, kolektibo guztiak ari gara, desberdintasunak desberdintasun, norbaide berdinean urratsak ematen. Oso polita da gaur egun Euskal Herrian gertatzen ari dena, antolatzen diren tekno jaialdi guztiek balio berdinak defendatzen ditugu, eta asko laguntzen diogu elkarri. Komunitate sendo bat gorpuzten doa. Gure artean elkar elikatuz goaz. Uste dut Synthetikari gauzak hain ondo badoakizkio gainerako kolektiboek ere ondo funtzionatzen dutelako dela. Tekno-musikan aritzen garenotaz harago ere, badira bestelako musika kolektiboak norabide berdinean urratsak ematen. Bilbon, esaterako, Nexo Malito dago ere.
Haziz doan mugimendu bat dagoela dirudi.

Haziz doan eszena berri honetan, emakumeak zaudete lehen lerroan nagusiki. Horrek orain arte ezarritako kanon eta aurreiritzi askorekin apurtuko zuen ere, ezta?

Bai noski, eta oso aberasgarria da hori guztia. Emakumeen presentzia nabariak, ordea, aurkako erreakzio asko sortu ditu ere; badira esaten dutenak emakume izate hutsagatik ari direla gu festetan musika pintxatzeko deitzen. Gezur borobila da hori. Gaur egun eszenan gauden DJok aski soberan frogatu dugu gure balioa. Ukatu egin zaigun espazioa izan da eszenatokia, pozgarria da emakumeak bertan ikustea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide