Ostiralean castinga egingo dute Urduñan martxoan grabatuko duten pelikula baterako

Jone Gartzia Gerra 2023ko ots. 1a, 13:00
Ibon Cormenzana 'Alegría, tristeza, miedo, rabia' pelikularen grabaketan.

Ibon Cormenzanak zuzenduko duen El bus de la vida pelikularako “adin eta profil guztietako” figuranteak behar dituzte. Horiek bilatzeko, castinga antolatu dute Urduñako Alhondegian ostiral honetan, goiz eta arratsaldez. Grabaketak martxoan eta apirilean izango dira Urduñan eta Bilbon.

Modfie enpresak kudeatuko ditu pelikularen figuranteak. “Adin eta profil guztietako pertsonak” behar dituztela zabaldu du. Arreta berezia oinarrizko musika ezagutza duten gazteengan jarri dute. Hori dela eta, izena ematean profil hori betetzen duten pertsonek hala zehaztu beharko dutela adierazi dute antolatzaileek.

Ibon Cormenzanak zuzenduko du pelikula eta Pachamama A.I.E eta Arcadia Motion Pictures taldeek ekoitziko dute. Gaur egunean girotuta egongo da, eta grabaketak Urduñan eta Bilbon egingo dituzte, martxo erdialdetik apirilera. Enpresa kontratatzaileak zehaztu duenez, lokalizazioen gertuko bizilagunei emango diete lehentasuna, ez baitute kilometrajerik ordainduko.

Castinga, presentzialki zein online

Aurrez aurreko castinga ostiral honetan izango da, otsailaren 3an, goizez eta arratsaldez. Urduñako Alondegian jarri dituzte hitzorduak: 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:15era. Hala ere, modfie.com plataforman profila sortuta dutenek -edo orain sortzen dutenek- ez dute aurrez aurreko zitara joan beharko. Hauek “selfie motako egungo argazki bat” igo beharko dute plataformara.

Horrez gain, enpresak zehaztu du pelikulan parte hartzeko lan baimena eta dokumentazioa egunean izatea nahitaezkoa dela. Adinez txikikoek NANa izan beharko dute parte hartzeko. Castingean izena ematen dutenek baldintza hauek bete behar dituzte eta grabaketa egunetan libre egon beharko dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide