Aiaran eta Amurrion ibili ziren aurreko asteburuan Urduñako Txarlazo Mendi Taldeko kideak. Sare sozialetan kontatu dutenez, Luiaondotik Arespalditza eta Amurriorainoko bidea osatu zuten, Pagonabarra tontorra igota.
Otsailaren 26an, mendi-sagardotegia
Otsailaren 26an, igandean, egingo dute hurrengo txangoa. Hain zuzen, Buruntza mendia izango dute helmuga, 445 metroko tontorra. Plana, baina, bikoitza izango da. Izan ere, sagardotegira joango dira ibilaldiaren ostean. Bazkideentzako prezioa 50 eurokoa izango da, eta gainerakoentzat 60 eurokoa. Izena emateko epea, baina, otsailaren 23an (osteguna) bukatuko da. Ordutegiari dagokionez, 8:00etan aterako dira Urduñako suhiltzaileetatik, eta 20:00etan aurreikusi dute itzulera.
