Ukrainan izan zara berriki, zertan zehazki?
Euskal Irrati Telebistak kobertura potente bat egiteko asmoa zuen Ukrainatik, Errusiar inbasioaren urteurrenaren testuinguruan. Irrati zein Telebista saioetako hamabi pertsona joan gara, Bolulevard irratsaioa eta Gaur Egun eta Teleberri telebista saioak bertatik zuzenean emititzeko asmoz. Euskadi Irratiko Faktoria saioa gu baino egun batzuk lehenago egon zen bertan Azken urteetan EITBk egin duen jarraipenik handienetakoa izan da honakoa.
Ez da erraza izango Kieveraino iristea.
Oso bidaia luzea izan zen. Otsailaren 22an abiatu ginen eta 26an itzuli. Guztira 48-50 ordu igaro genituen Kieven, gainerako denbora guztia bidaiatzen eman genuen. Bilbotik Munichera joan ginen hegazkinez eta Munichetik Krakoviara. Krakovian auto bat hartu genuen Ukrainako mugara gerturatzeko. Tren bat hart genuen bertatik, Kievera bidaia gauez egiten duen tren-litera horietako bat. Ukrainako Armadaren kontrol batean gelditu gintuzten bide erdian, baimenak eta ekipoa harakatu zizkiguten.
Segurtasun-neurri berezirik hartu behar izan duzue?
Ukrainako Armadari baimen berezia eskatu behar izan diogu kazetari bezala bertan jarduteko. Babes neurri bezala bezala kaskoak eta balen aurkako txalekoak eraman ditugu.
Aplikazio berezi bat deskargatzea gomendatu ziguten ere, ‘Air Alert’ izenekoa. Horren bidez, zauden zonaldean hegazkinen aurkako alarmarik egonez gero abisua jasotzen duzu sakelekoan, eta gertuen duzun bunkerrean sartzeko gomendatzen dizute. Hasieran Ukraina osoari zabaltzen diote abisua, eta detektatutako misilaren balizko ibilbidea mugatuz joan ahala abisua arriskupean dauden zonaldean mantentzen dute soilik.
Gauza bitxia gertatu zitzaigun guri kontu honekin: Kievera iritsi eta gutxira, aplikazioan alerta jaso eta sirena hotsak entzun ziren hiri osotik. Kazteari guztiak metroko geltoki batean babestu ginen, baina kaletik zeuden herritar askok ezer gertatuko ez balitz bezala jarraitu zuten aurrera euren eguneko bizitzekin. Gerora jakin genuen egun horretan bi misil jaurti zituztela Kiev inguruan; defentsa sistemak gelditu zuen bata, eta bestea hiriko aldirietan erori zen, inor eta ezer kaltetu gabe. Teknologia nahiko zaharreko jaurtigailu bat omen zen hura.
Ekipo tekniko handia eraman duzue Ukrainatik jarraipena egiteko?
Saiatu gara ahalik eta ekipo gutxien eramaten. Ekipo elektroniko guztiak (mikrofonoak, grabagailuak, soinu-mahaiak...) aldamenean izan ditugu uneoro, edozein unetan kontrol batean gelditu ahal gintuztelako.
Energia mozketak daudenez bateria eta pilekin funtzionatzen duen tresneria erabili dugu, montajea ahalik eta sinpleena izateko. Kieven ez dugu inolako argi mozketarik ikusi edo bestelako ustekabekorik izan, baina prest geunden egoerari aurre egiteko. Lehenengo egunean erreportaje asko grabatu genituen, baldin eta uneren batean otsailaren 24an egin behar genuen zuzeneko emisioa arrazoiren batengatik eten behar bagenuen.
“Kieven, kaleko jendearen bizipenak jaso nahi izan ditugu, jende arruntarenak, ez gara profil zehatz baten bila joan”
Emisioak egiterako orduan zailtasunak izan zenituzten?
Telefono mugikorren txartelak baliatu ditugu, nagusiki Euskadi Irratiko kideek egun batzuk lehenago eskuratutako txartelak. Bagenekien ez genuela aparteko arazorik izango, eta konexioa bermatua izango genuela. Ukrainako gobernuari interesatu egiten zaio medioek ahalik eta erraztasun gehien izatea.
Guk Boulevardeko zuzeneko emisioa kafetegi batetik egin genuen, eguneroko bizitza nolakoa zen erakutsi nahi genuen. Konexio bikaina izan genuen uneoro. Nik ez dut inoiz hain estaldura onarekin egin kaleko emisio bat. Gainerako medioekin hitz egiten, denok gentozen bat seinalearen kalitate onarekin.
Nazioarteko medio asko eta asko elkartu gara egun hauetan Ukranian. Zelenskyk inbasioaren urteurrenean egindako prentsaurrekoan mundu osotik etorritako kazetariak bildu ziren.
Kieveko biztanleen testigantzak jaso dituzue zuek ekoiztutako magazinean.
Kaleko jendearen bizipenak jaso nahi izan ditugu, jende arruntarenak, ez gara profil zehatz baten bila joan. Musikari talde bat elkarrizketatu genuen, orain hasi dira kontzertuak eskaintzen. Taldekideetako bat Zaporzhia hiritik zetorren, bere senide askok Poloniara alde egitea erabaki zuten baina berak nahiago izan zuen Ukrainan geratu, musikatik xoxak atera eta ikasketekin jarraitu. Beste taldekide batek apolitikotzat jotzen zuen bere burua, baina ezinbestetkotzat ikusten zuen herrialdea defendatzeko ardura; berak egin ezean inork egingo ez zuela nabarmentzen zuen. Denak ez dira geratu Ukraina defendatzeko ideiarekin, bada esan digunik hizkuntzen ezagutza ezak asko zailduko likoeela atzerrian bizitzea.
Bessarabia merkatuan izan ginen ere; merkatu oso handia da hori baina isiltasuna zen nagusi. Supermerkatu batean aipatu ziguten elikagaien eskasia egon zela gerra hasieran baina honezkero denetarik aurkitu daitekela berriro. Bertan asko harritu ninduen arrautzak banan banan saltzen zituztela hauen prezioa asko igo delako.
Gure intepreteak ere elkarrizketatu genituen. Gaztelania ikasten ari ziren hiru gazte ziren, profil oso desberdinekoak. Batek aipatzen zigun nahiko lukeela Europan zehar bidaiatu eta beste errealitate batzuk ezagutu, baina bere etorkizuna Ukrainan bizitzen ikusten zuela. Beste batek aipatu zigun bere aita militarra zela, eta kontu belikoak oso presente zituztela etxean.
Testigantza horiek guztiak bilduta, zer nolako gizartea ikusi duzu Kieven?
Oso gizarte nazionalista iruditu zait ukraniarra. Gerrak asko indartu du sentimendu hori, eta ezker eskuin ardatza zeharo ezabatu da. Ukraindarrak bien bitartean eguneroko bizitzarekin jarraitzen dute. Misilen aurkako alarmarekin bizitako pasadizioan ikusi genuen otsoaren istorioaz nekatuta daudela, urtebete daramate egoera berdinean eta luzerako doala dirudi. Batek baino gehiagok esan zigun alferrik zela beldurrarekin bizitzea.
Nik hiri guztiz arrunt batekin egin dut topo Kieven. Egia da gu erdiguneko kaleetan ibili garela, aldirietan agerikoagoak dira gerraren arrastoak. Xabier Madariaga lankidea, esaterako, Butxa inguruan ibili da eta bertan bai ikusi dituela lubaki eta leherketen arrasto ugari. Maidan plaza ingurura etorrita, ordea, Europako beste hiri bat gehiago da Kiev: ikasleak, jendea saltoki eta tabernetan…
“Oso gizarte nazionalista iruditu zait ukrainarra. Gerrak asko indartu du sentimendu hori, eta ezker eskuin ardatza zeharo ezabatu da”
Tentsioa bai nabarituko zenuten, ordea.
Gu gerra batera gindoazen, eta gerra ikusten ez bagenuen ere bagenekien hor nonbait egon behar zela. Lan-jardun etengabeak burbuila batean izan gaitu, baina tentsioa uneoro izan dugu gainean.
Zuen lantaldeko zenbait kazetari frontetik hurbilago egon ziren; beste erralitate bat ikusiko zuten han.
Kherson inguruan ibili ziren batzuk, baita Bakhmut herrian ere. Armada internazionalak babestuta joan ziren leku horietara, frontean bertan daude eta. Susto handi bat izan zuten, jaurtigai bat zeuden lekutik oso gertu lehertu baitzen.
Errusiatik jarraipena ez duzue egin ordea.
Nik faltan bota dut bai Errusiatik inbasioaren urteurrenaren baitako jarraipena egitea. EITBk ahaleginak egin ditu Errusiatik emititzeko baina Moskuk ez du baimenik eman. Oso herrialde hermetikoa da. Kontrara, argi dago Ukraniako gobernuak jarraitzen duen bideorria; egunero agertzen da mundu osoko erakunde eta medioetan, egundoko komunikazio politika ari dira aurrera eramaten; nagusiki, arma gehiago eskatzeko nazioarteko komunitateari.
Amaierarik ikusten da gertu?
Hori da mundu guztiak egiten duen galdera, baina amaiera urrun dagoela uste dut. Banago ni Ukrainarrak ere horretaz jakitun direla.
Ondoriorik ekarri duzu Ukrainatik?
Joaterakoan bezain beste galdera ditut orain. Ez dut gerrarik ikusi Kieven, ezin izan dut kontrastatu guk medioen bidez jasotzen dugunaren eta bertako errealitatearen arteko aldea.