Amurrio Deviant filmaren protagonisteko bat izaten ari da. Izan ere, pelikularen hainbat pasarte ari dira grabatzen udalerrian. Proiektuaren ekoizlea bera amurrioarra da, Kevin Iglesias, eta atzo Cola de Gallo tabernan egon ziren.
Hautatutako beste kokapen batzuk dira Villa Fe, Isusiko etxe indiarra edota azoka zaharra. Talde tekniko gehiena kataluniarra da eta antzezleak Alain Hernández, Fernando Albizu, Gorka Aguinagalde, Susana Soleto, Lander Otaola, Gastón Haag, Usue Álvarez, Urko Olazábal eta Inge Ugarte dira.
Egitasmoak Amurrioko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren parte hartzea dauka eta Burubio Kultur Elkartea ere laguntzailea da.
Hilabetea emango dute Amurrion eta aurrekontuaren %30 inguru herrian geratuko da. Hau da, 50.000 euro baino gehiago.
Deviantek gizonezko ezkondu baten istorioa kontatzen du, zeinek erabakitzen duen zitak lortzeko aplikazio bat erabiltzea. Emakume gazte batekin jarriko da harremanetan eta horrek bere etxera erakarriko du. Han, neskaren aita izango du zain, bahitzeko, bere alabak pairatu zituen abusuengatik mendeku hartu nahi baitu. Ondorioz, gizonezkoak topatu beharko du modua egoera horretatik ihes egin ahal izateko.