El bus de la vida filmak zeresana ekarri du Urduñara. Izan ere, pasa den astean hasi zuten pelikularen filmazioa eta hiriko jendearentzat ez da hain ezohikoa bilakatu Dani Rovira, edota Go!azen telesaioko antzezleren batekin elkarbizitzea.
Zenbait herritarrek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diote Secun de al Rosa ere ari zela parte hartzen, baina antzezleak kontrakoa azaldu du sare sozialetan.
Primera noticia! Pues me encantaría por la admiración que les tengo! a Ibon y a @DANIROVIRA , pero no voy en ese bus! Ojalá! https://t.co/sH9aTrK9af
— secun de la rosa (@secundelarosa) March 13, 2023
Antzezle talde osoa Ibon Cormenzana zuzendariaren aginduetara dago. Berez, istorioaren pertsonaia nagusia Dani Rovirarena da. Madrilen bizi den musika irakaslea da eta, tamalez, ez da heldu musikari ospetsua izatera, berak nahi zuen moduan.
Lana dela medio, Uberara joango da bizitzera. Bergarako auzo horretara mugituko da, Bergaran bertan klaseak emateko. Dena den, bere lehenengo egunean burrunba bat entzuten du buruan eta konortea galtzen du. Diagnosia argia da: minbizia.
Hasiera iluna bada ere, zuzendariaren asmoa da kontakizun argitsua eskaintzea eta musikalaren generoa ere lantzea. Horretarako aitzakia izango da Roviraren pertsonaiak egunero hartzen duen autobusa; Uberatik Donostiara doana ospitaleko gaixoekin.
Arcadia Motion Pictures eta Pachamama IAE ekoiztetxeak dira lanaren bultzatzaileak eta filmazioa sekretuan eramaten saiatzen dira, apirilean prentsaurrea egiteko asmoarekin.
Grabaketak apirilaren 2ra arte luzatuko dira hirian, gutxienez, baina Urduña ez da kokapen bakarra izango.