URDUÑAKO KINTOAK

“Aurten gure txanda heldu da eta oso urduri gaude festa on bat antolatzeko ardura dugulako”

Jone Gartzia Gerra 2023ko mar. 16a, 20:00

EIDER RUIZ DIAZ eta IGONE GURRUTXAGA ZABALA aurtengo Urduñako kintoen ospakizuna antolatzen ari diren gazteetako bi dira. Martxoaren 18an izango da festa eta dena prest baldin badute ere, urduri daude jai on bat egiteko ardura sentitzen dutelako, bi urteko geldialdiaren ondoren.

Zer duzue prestatuta martxoaren 18rako?
Eider: Goizeko lehen orduan Meza Santua izango dugu eta umeentzako jolasak prestatuko ditugu Foru plazan. Gero, denok batera bazkalduko dugu eta arratsalderako hainbat ekintza prestatu ditugu. Lehenengo batukada bat etorriko da gurekin kaleak girotzeko eta gero Streetligth izeneko Urduñako gazte batzuk kontzertua emango dute. Horren ostean Beranduegi erromeria etorriko da eta, azkenik, Varro DJ izango dugu gurekin.

Zergatik aukeratu dituzue kontzertu hauek?

Igone: Talde hauek arrazoi desberdinengatik aukeratu ditugu. Alde batetik, betidanik batukada bat etorri izan da kintoetara, normalean Battuere izenekoa, eta aurten ere errepikatuko dute. Bestalde, Streetligth gonbidatzea erabaki genuen Urduñako gazte talde bat delako eta bertoko taldeak ezagutzera eman nahi genituelako. Erromeriak aukeratzeko orduan zenbaiten artean egon ginen zalantzan, baina azkenean Beranduegi aukeratu genuen jotzen duten musika mota ondo dagoelako eta ez delako oso garestia, eta hori ere garrantzitsua da azken finean. DJaren kasuan ez genekien zeinengana jo, baina Varro DJ zuzenean etorri zen guregana eta horregatik hautatu genuen.

Zer egin duzue ekintza horiek guztiak finantzatzeko?

Igone: Ostiralero batu gara elizan guztiok eta diru kopuru bat jartzen joan gara. Hasi ginen 5 euro jartzen baina gero 10 eurora pasa ginen, kontuak atera eta gero konturatu ginelako kopuru horrekin ez zigula dena ordaintzeko emango. Horrez gain, beste gauza batzuk ere egin ditugu dirua lortzeko: boletoak saldu ditugu sari desberdinekin eta Tolosako autobusa, adibidez, erabiltzaileek ordainduko dute.

Eta dena prestatu eta erabakiak hartzeko, nola antolatu zarete?

Igone: 27 pertsona gara eta nahiz eta kopuru oso handia ez izan, beti ez da erraza izan erabakiak hartzea. Batzuetan bozketak egin ditugu eta lana errazteko talde txikitan banatu gara: batzuk janaria eta lekua erabakitzeko, beste batzuk pegatinak egiteko, beste talde bat boletoetan zozkatzen ziren sariak prestatzeko... Horretarako, esaterako, Urduñako saltoki guztietatik joan gara produktuak eta dirua eskatzen eta horiek jasotzeaz beste talde bat arduratu da.

Noiz izango da zozketa?

Eider: Martxoaren 18an egingo dugu, egunean bertan.

Zergatik da horren garrantzitsua kintoen ospakizuna herrian?

Igone: Oker ez banago, lehen gizonek 18 urte ospatzen zituztenean milia egin behar zutenez, festa bat antolatzen zuten momentu hori ospatzeko. Orain, guretzat oso momentu garrantzitsua da, izan ere, bai gizonek eta bai neskek gure heldutasuna ospatzen dugu.

Gainera, bi urtez ezin izan dira kintoak ospatu herrian.

Eider: Hala da, bai. Covida zela eta, azken bi urteetan ezin izan da ondo ospatu festa, murrizketa ugari zegoelako. Aurten gure txanda heldu da eta oso urduri gaude festa on bat antolatzeko ardura dugulako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide