Urduñako hiltegi berriaren obrak hasi dira eta espero dute urtebetean amaitzea, "abeltzainen burujabetasuna sustatzeko"

Aitor Aspuru Saez 2023ko mar. 20a, 16:02

Lanak hasi dira jadanik La Rondina industriagunean.

Belardi Haragi Eraldaketarako Zentroak hiltegi zerbitzua ez ezik, bestelako aukera emango dizkie erabiltzaileei.

Bedarbidek bultzatutako Belardi Haragi Eraldaketarako Zentroaren lanak hasi ziren martxoaren hasieran La Rondina industria gunean. Guztira, proiektuak 1.400.000 euroko balioa izango du, hau da, hasieran aurreikusitakoa baino nabarmen gehiago. "COVID-19ren krisialdiak eta inflazioak biderkatu dute kostua", azaldu du Mikel Cormenzanak.

Edonola ere, anbizio handiko ekimen horrek bere lehenengo urratsak egin ditu eta obrak abiatu dituzte jadanik. Zentroak gune anitzak izango ditu; hiltegia, haragia zatitzeko eremua, haragia eraldatzeko tokia eta baita sukaldatzeko ere. Horrez gain, ehiza haragia lantzeko eta haragiarekin lan egingo duten profesionalak trebatzeko ildoak ere eskainiko dituzte.

Hiltegi zerbitzua ez ezik, haragia zatitzeko, eraldatzeko eta sukaldatzeko zerbitzuak ere eskainiko ditu Belardi zentroak

"Haragiaren sektoreak profesionalak behar ditu eta Belardin trebakuntza arautua emango dugu, etorkizuneko langile horiek prest egon daitezen", aurreratu dio Cormenzanak Aiaraldea Komunikabideari.

Diru iturriak eta funtzionamendua

Bedarbidek bultzatutako egitasmoak babes zabala jaso behar izan du aurrera egiteko. Horrela, etorkizuneko erabiltzaileen eta elkarteko kideen, enpresen eta fundazioen eta Eusko Jaurlaritzaren eta Urduñako Udalaren laguntza ekonomikoa batu dute.

Funtzionamenduari dagokionez, Cormenzanak azaldu du lehentasuna dela erabiltzaileak Bedarbide elkarteko kide egitea. Horrela egiten dutenek merkeago jasoko dute zerbitzua; eta bezero hutsak izango direnek, aldiz, garestiago.

Sustatzaileek, dena den, ez dakite zehazki zenbat langile izango dituen azpiegiturak eta hori lan zamaren arabera finkatuko dute.

"Ez da Laudioko hiltegiaren ordezkoa"

Mikel Cormenzanak argi utzi nahi izan du, ordea, Belardi ez dela Laudion itxitako hiltegiaren ordezkoa: "Laudiokoa animaliak hiltzeko baino ez zen, Belardi eraldaketan zentratuko da, ez bakarrik animaliak hiltzean".

Burujabetasuna helburu

Izan ere, Bedarbideko proiektua duela zortzi urte sortu zuten baserritarren egoerari buruz hausnartu ostean. Hau da, Laudioko hiltegiaren itxiera baino askoz lehenago abiatu zen ekimena.

Belardik bitartekoak jarriko ditu abeltzainen esku bitartekarien eta salmenta kate handien menpe ez egoteko

Hausnarketa horren ondorio nagusia izan zen baserritarrek animaliak bazituztela, baina ez produktuak ekoizteko aukerarik.

Hori dela eta, bitartekarien esku geratzen dira abeltzainak; eta egoera iraultzeko, hain zuzen, garatu dute Belardi zentroa. "Burujabetasuna, jasangarritasuna eta tokikotasuna bultzatu nahi ditugu, abeltzainek eurek saltzeko produktuak bezeroei eskualdean bertan, kate handien menpekotasunik gabe", adierazi du Mikel Cormenzanak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide