Urduñako 22. Gazte Eguna ospatuko dute datorren larunbatean, apirilak 1. Hiru urteko etenaldiaren ostean, Urduñako Gazte Asanbladak berriz ekin dio urteko mugarri garrantzitsuenetako bat dena antolatzeari.
"Herria ardatz aurrera goaz!" lemapean, hiriko gazteen topagune izango den egitaraua prestatu dute. 12:00etan haurrentzako jolasak egingo dituzte Foru plazan, eta 13:30ean emango diote hasiera ofiziala egunari, harrera ekitaldiarekin.
Poteo girotuak Urduñako kaleak alaitu ostean, herri bazkaria egingo dute 15:00etan. Bazkarirako txartelak salgai daude honezkero Mugalde tabernan, 8 euroko prezioan. Bazkalostean Sabin Guaresti aiararrak kontzertu akustikoa eskainiko du. Kontzertu nagusiak, aldiz, 21:00etan egingo dituzte; Guda Dantza, Liher eta Lehian erromeria arituko dira Foru Plazako oholtzan.
22. Gazte Eguna
Ehunka gazteren topaleku izan da urtez urte Urduñako Gazte Asanbladak antolatutako Gazte Eguna. 2020ko martxoaren 28an ospatu behar zuten 22. Gazte Eguna baina, COVID-19aren eraginez, bertan behera utzi behar izan zuten. Ohiko jai-egunaren ordez, konfinamenduaren baldintzetara egokitutako ospakizuna egin zuten Urduñako zein eskualdeko beste herrietako gazteek.