"Egian oinarritutako errelatoa" aldarrikatu du Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Urduñako Kolunbarioan

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko api. 13a, 16:00

Lore eskaintza antolatu du PSE-EEk Urduñako Kolunbarioan "II. Errepublikaren alde eroritakoak omentzeko". Eneko Andueza idazkari nagusia izan da bertan, eta "egian oinarritutako errelatoa aldarrikatu du". Juan Romero Urduñako alkategai sozialista aurkezteko ere baliatu dute gaur goizeko hitzordua.

Eibarreko Udaletxean II. Errepublika aldarrikatu zela 92 urte betetzear daudela, PSE-EEko ordezkariek lore eskaintza egin dute gaur goizean Urduñako Duintasunaren Kolunbarioan. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia izan da ekitaldi horretan buru, eta "duela 92 urte, II. Errepublikaren aldarrikapenarekin batera, itxaropen eta ilusio garai bat ekarri zuten gizon-emakumeak" omendu nahi izan dituztela nabarmendu du.

Anduezaren hitzetan, Errepublika garaian egin bezala, gaur egun ere eskubide sozialen aurrerapena gertatzen ari da Espainiako Estatuan. II. Errepublikari eta Gerra Zibilari erreferentzia eginez, "egian oinarritutako errelatoa" aldarrikatu du Anduezak.

"Azken egunetan ikusi dugu pertsona askok errelato hori aldatu nahi dutela"

Galdakaoko polemika mahai-gainean

Errelatoaren inguruko hitzok, Galdakaon piztutako polemikarekin lotu ditu Anduezak. PSE-EEk berak salatu zuen duela egun batzuk udal horren ekimenez egindako biktimen zerrenda batean "ETAren terrorismoa egin zuten" pertsonak ere agertzen zirela.

Galdakaoko Udalak eta Aranzadik azaldu dute erabilitako identifikazio eta kategorizazio irizpideak Eusko Jaurlaritzarekin eta Gogora Institutuarekin batera jarri dituztela, eta gezurtatu egin dute polemika.

"Azken egunetan ikusi dugu pertsona askok errelato hori aldatu nahi dutela" azpimarratu du Anduezak Urduñako Kolunbarioan egindako adierazpenetan. "Biktimak eta biktimarioak plano berdinean jartzen ari dira, eta hori onartezina da" salatu du PSE-EEko idazkari nagusiak.

"Sozialistok biktimekin egongo gara beti, egian oinarritutako errelato batekin aurrera egiteko. Biktima horientzako justizia eta erreparazioa lortzeko".

Alderdi sozialistak Aranzadik Galdakaoko biktimen atarian erabiliko zituen kategorizazio irizpideak ezagutzen zituen galdetuta, Anduezak adierazi du ezetz: "Sozialistok ez genuke inoiz hori onartuko. Batzuek edozein aitzakia erabiliko dute PSE-EE eta gainerako alderdiak euren akats larrian nahasteko helburuarekin eta hori erabat arbuiagarria da".

Juan Romero alkategaia

Datorren maiatzaren 28ko Udal Hauteskundeetarako alkategaia aurkezteko baliatu du PSE-EEk Urduñako Kolunbarioko hitzordua. Hain zuzen ere, Juan Romero Colomer izango da hautagaitza sozialistako zerrendaburua. JSE-Egaz gazte antolakundeko antolaketa-idazkaria ere bada Romero.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide