Hamabi orduz ibili ziren Irabien aita-semeak ataxia telangiektasiaren ikerketa bultzatzeko

Jone Gartzia Gerra 2023ko api. 24a, 16:30

Giro hobezinean eta partaidetza handiarekin osatu zuten Jabi eta Xabi Irabienek Aefaten aldeko erronka. Hamabi orduz ibili ziren Urduñan zehar ataxia telangiektasia ezagutzera eman eta horren ikerketarako dirua biltzeko. Oraindik ere ekarpen ekonomikoa egin daiteke sarean.

Goizeko zortzietan hasi eta iluntzeko ordu berdinera arte, 50 kilometrotik gora egin zituzten oinez Javi eta Xabi Irabien aita-semeek hamaika lagunekin batera, ataxia telangiektasia ikertzeko dirua bildu eta gaixotasuna ikusarazteko.

Hamar kilometro eta 300 metroko ibilbidea diseinatu zuten urduñarrek, inguruko bazterrak ezagutu eta edonork egiteko modukoa, azaldu dutenaren arabera. Bost bira egin zituzten eta bakoitzean jende multzo berri bat batu zitzaien ibilbidean laguntzera. Itzuli bat baino gehiago egin zuen lagunik ere egon zen, eta irabietarren lagun min batek bostak osatu zituen haiekin batera.

Biraz bira, ataxia telangiektasia gaixotasun arraroa ezagutarazten joan ziren ibiltariak Urduñako bazter guztietan. Plazatik abiatu eta hiriko txoko ugari gurutzatu zituzten: Urduñako kirol klubaren zelaia, Tologorri marmeladak, Santa Klara komentua, Artomaña txakolindegia… eta Hodeiren -ataxia telangiektasia duen gazte urduñarra- etxea. Gainera, Artomañako jaiak zirela-eta, jende ugari zegoen herrian eta azkenengo itzulian horietako asko erronkazaleei batu zitzaizkien Urduñako plazaraino.

Javi Irabien oso pozik dago igandean piztu zen giroarekin eta gaixotasuna ezagutzera emateko egindako lanarekin.

Olaran elkarteko kideekin ere oso eskertuta dago, izan ere, azpiegitura guztiaz arduratu ziren eta “beti daude laguntzeko prest, proposatzen diezuna proposatzen diezula”. Horregatik argi du hau ez dela izango azken erronka solidarioa. “Laster okurrituko zait zerbait eta jende honekin oso erraza da gauzak egitea”, aitortu du Irabienek.

Ekarpen ekonomikoak egiteko aukera

Ekimenean bildutako diru guztia Ataxia Telangiectasia gaixotasun neurodegeneratiboa ikertzeko bideratuko da, Aefat elkartearen bitartez.

Interneten ere bada dirua emateko aukera Migranodearena.org atariaren bidez. Oraingoz 555 euro bildu dituzte plataformaren bidez eta Javi Irabienek azaldutakoaren arabera, atzo arratsaldean nabarmen egin omen zuen Interneteko bilketak.

Argazkiak: Antonio Muñoz

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide