Bihar -asteartea- eta etzi A-2625 errepideko trafikoa etengo dute Urduñako mendatean. 07:30ean hasiko da etenaldia eta 15:30ean berriro egongo da aukera azpiegitura erabiltzeko.
Arabako Foru Aldundiak adierazi duenez, "ezpondak garbitu, saneatu eta egonkortzeko lanak egiteko helburuarekin" debekatuko da errepidetik igarotzea tarte horretan.
Lanek eragingo dute 344 kilometro puntutik (Burgosko probintzia muga) 350 kilometro punturaino (Bizkaiko probintzia muga). Zehazki, ezpondetatik askatzeko eta errepidera erortzeko arriskua duen material soltea kenduko dute.
Aldundiak aipatu du hori lehenengo esku hartzea izango dela bidean, gero aztertuko baitute zein den irtenbide teknikorik onena ahalik eta harri gutxien erortzeko.