Javier Gomezek, EHUko ikertzaile doktore eta Euskadiko errepresio frankistaren inguruko hainbat lanen egileak, Urduñan 1937 eta 1941 urteen artean egindako gatibu-lanak aztertu ditu Udalaren enkarguz. Zehazki, behartutako lanen dimentsio kuantitatiboak eta kualitatiboak ikertu ditu.
Urduñako Udalak ezagutzera eman duenez, ikerketa horrek egiaztatu du "Urduñako Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak kontzentrazio-esparruan eta Espetxe Zentralean presoak etengabe erabili zituztela, gerraren ondorioz suntsitutako espazio publikoa eta azpiegiturak berrosatzeko ez ezik, era guztietako obra publiko eta pribatuak egiteko etengabeko lan-brigada gisa ere”.
Lanaren emaitzak Udalak memoria historikoa zabaltzeko duen web orriaren bidez jarriko dituzte herritarren eta interesdun guztien eskura.
Udalak azaldutakoaren arabera, azterketa bi dokumentu nagusitan dago banatuta. Alde batetik, “udalerriko praktika esklabista aztertu eta berregiten” duen ikerketa historikoa dago, non testuinguruarekin batera, biktimei eta biktimagileei buruzko datuak ere ematen diren. Horrez gain, ikerketaren emaitzak, udal-esparruan txertatzeko ondorioak eta gomendioak ere jasotzen ditu azterlanak.
Bigarren dokumentua guztiz grafikoa da. Inoiz ikusi gabeko zenbait irudi biltzen dituen baliabide sorta da, eta horiekin Udalak bilatzen duena da “herritarrek presoen aurkako errepresioa bisualki berregiteko aukera izan dezaten”.