ARGAZKI KRONIKA

"Urduñan azken hamarkadan abiatutako eraldaketan sakontzeko" prest azaldu da EH Bildu

Txabi Alvarado Bañares 2023ko mai. 1a, 07:00

Hautagaien zerrenda aurkezteko ekitaldia egin zuen koalizioak ostiral arratsaldean Foru plazan. 

Ostiral arratsaldean aurkeztu zuen Urduñako EH Bilduk maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen hautagai zerrenda. Ekitaldia egin zuen horretarako Foru plazan, dozenaka herritarren aurrean. 

Itziar Bigurik gidatu zuen aurkezpena. Hasteko, egungo alkateak eskerrak eman nahi izan zien azken legealdian udal gobernuan egon diren zinegotziei, eginiko "talde lana" goraipatuta. Ondoren, EH Bilduk hiriko alkatetzan igarotako 12 urteen errepasoa egin zuen, eginiko lorpenak nabarmenduz. "Begiak ixteko gonbita luzatu nahi dizuet", esan zien alkateak bertaratutakoei, "itxi begiak eta irudikatu EH Bilduk azken urteetan eginiko proiektuak. Izan proiektu horiek buruan EH Bilduk azken urteetan zer egin duen galdetzen dizuetenean". 

Mikel Oteroren hitzartzea

Jarraian, Mikel Oterori luzatu zion hitza Bigurik. EH Bilduko legebiltzarkideak balioan jarri zuen Urduñan azken urteetan egondako eraldaketa. "Beste herri batzuetara goazenean, EH Bilduk zer egingo lukeen aipatzen dugu. Hemen, aldiz, ez ditugu gauzak imajinatu behar. Aski zaigu egin dena errepasatzearekin, eta berme horiekin aurkezten gara berriro hauteskundeetara. Zerrenda oso zabala da: memoria historikoaren alde hemen eginiko lana Euskal Herri osoan ezaguna da, edo tokiko elikadura osasuntsuaren alde egin dena, Elikadura Subironatsun Plan Estrategikoa onartuz legealdi honetan bertan, komunitate energetikoen sorkuntza... baina garrantzitsuena da Udala herritarrei itzultzeko hamar urte hauetan egin den lan aparta, gobernantza irekiaren adibide anitzak eskainiz".

Gauzak hala, duela 12 urte abiatutako eraldaketan sakontzeko beharra nabarmendu zuen Oterok, aldaketa batzuk ikusteko "hamarkada bat baino gehiago" behar dela iritzita. 

Gai orokorragoan ere izan zituen hizpide legebiltzarkideak, mundu mailako krisi energetiko eta ekologikoa edota etxebizitza lege berria dela eta EAJrekin izandako talkak kasu. 

Hautagai zerrenda

Bukatzeko, EH Bilduren hautagai guztiak aurkeztu zituzten ekitaldian. Eunate Molinuevok hartu zuen hitza orduan, zerrendan 5. postuan doan kideak. Berak nabarmendu zuen aurten aurpegi berri ugari batu direla zerrendara, baina urte luzez udalgintzan aritutako pertsonen esperientzia mantenduta. "Hala ere, aurpegi berriak garenak egiatan ez gara horren berriak, gu guztiak aski ezagunak baikara Urduñan, herrigintzan eginiko lanagatik", nabarmendu zuen Molinuevok. 

Bukatzeko, talde argazkia egin zuten bertaratutako guztiak, eta luntxarekin amaitu zuten eguna. 

Hemen ikusi daiteke Urduñako EH Bilduren hauatagai zerrenda osoa:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide