CD Orduñak partida erabakigarria zuen larunbatean eta ez zuen kale egin. Angela Vadillo jokalariak azaldu duenez, “taldea urduri zegoen, baina asmoa zen denboraldi onarekin jarraitzea”. Giro eta helburu hori berehala nabaritu ziren zelaian eta seigarren minutuan orduñarrak aurretik jarri ziren markagailuan. Handik aurrera gorritxoek kontrolpean izan zuten norgehiagoka eta abantaila handitzen joan ziren gupidarik gabe, harik eta 90 minutuak bete ziren arte 5-0 emaitzarekin.
Gol mordo horrekin bukatzeak poztasuna sortu zuen CD Orduñako emakumezkoen artean, modu horretan ziurtatu baitute matematikoki hurrengo denboraldian Bizkaiko 1. mailan lehiatuko direla. Gauzak horrela, beste umore batekin ekingo diote denboraldiko azken partida jokatzeari Pauldarrak C taldearen kontra eta bertan erabakitzeke egongo den kontu bakarra izango da nork hartuko duen ligako bigarren postua; urduñarrek edo Galdakaoko jokalariek.
Denboraldia amaitzeko partida bat falta den arren, igoera nola ospatu pentsatzen hasi dira jokalariak
Denboraldi borobila
Laburbilduz, denboraldi aparta ari dira egiten klubeko emakumezkoak eta 23 partida jokatu ostean, 54 puntu lortu dituzte. Hau da, 17 partida irabazi dituzte, 3 berdindu eta 3 galdu. Azken atal horretan, aipatzekoa da urduñarrak azaroaren 13tik asteburu honetara arte egon direla partida bat bera galdu gabe, eta azkenaurreko jardunaldian apurtu zela bolada positiboa Erandioren aurka.
Aipatzekoa da CD Orduñak kalitate saltoa eman duela indarrean dagoen denboraldian eta aurrekoaren emaitzak nabarmen hobetu dituela. Dena den, gogoratu beharra dago iaz kategoria igotzetik hurbil geratu zirela, promozioa jokatzera heldu baitziren eta aurtengo oinarriak jarri zituzten; Arbieto gotorleku bilakatu zuten eta denboraldi osoan hiru partida bakarrik galdu zituzten: Basauri Kimuaken, Galdakaoren eta Erandioko nesken aurka.
Lagunarteko partida
Oraindik 2022/2023 denboraldiaren azken hatsa falta bada ere, CD Orduñako jokalariak dagoeneko hasi dira pentsatzen erdietsitako igoera nola ospatuko duten. Angela Vadillok aurreratu du lagunarteko partida egingo dutela Arbieton eta bera, Altzarrate Kirol Elkarteko entrenatzaile eta CD Orduñako jokalari gisa, saiatuko dela bi kluben arteko norgehiagoka antolatzen. Horrez gain, bazkaria ere prestatu nahi dute.
Gorritxoen urrezko aroa
Igoera honek CD Orduñako alderik onena ekarri du gogora, Bizkaiko talde oso garrantzitsua izan baitzen pasa den hamarkadako erdialdean. Urte luzez aritu ziren kirolari berak klubean eta horrek sendotasuna eta konfiantza eman zien. Esaterako, 2016an Bizkaiko Kopako irabazleak izan ziren gorritxoak eta malko artean ospatu zuten, lorpen benetan landua izan baitzen eurentzat.
Talde horrek zutabe anitz izan zituen, baina, agian baten bat aipatu behar bada, hori Maitane Sobron 'Txiti' da. Urduñarrak hiru urtez jokatu zuen Bilboko Athletic Clubean eta beste hamabi gorritxoekin. Kapitaina bilakatu zen eta goleatzaile historikoa izan zen. Horrez gain, 2014-2015 denboraldian CD Orduñako nesken bigarren taldea entrenatu zuen. 2018an, ordea, futbola uztea erabaki zuen jokalariak.