Urduñan desobiratutako lehenengo gorpua identifikatu dute: Fructuoso Llorens

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko mai. 11a, 13:48

71 errepresalituren gorpuzkiak azaleratu dituzte guztira indusketetan. / Aiaraldea.eus

Fruituak eman ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak Urduñako hilerrian desobiratutako frankismoko 71 biktimen azterketak, eta honezkero identifikatu dute lehenengo gorpua, Gogora Institutuak jakinarazi duenez. 1941ean eraildako Fructuoso Llorensena da gorpua, Extremadurako nekazaria.

Gogora Institutuak jakinarazi duenez, identifikatu dute Urduñako hilerrian desobiratutako frankismoaren biktimen artean lehenengoa. Aintzane Ezenarrok, Gogora Institutuko zuzendariak, eman du aurkikuntzaren berri, eta "oso albiste pozgarri" bezala kalifikatu du.

Extremaduratik Urduñako espetxera eraman zuten Llorens. Ikerketen arabera, 1941eko apirilaren 6an hil zen, 55 urte zituela.

Fructuoso Llorens

Fructuoso Llorens da identifikatutako lehenengo biktima. Jatorriz Badajozeko Fuente del Maestre herriko bizilaguna zen Llorens, eta nekazaritza zuen ogibide. Gerra Zibileko azken urtean, 1939an, etxetik indarrez atera zuten, eta geroztik senide eta lagunek ez zuten haren berririk izan. Extremaduratik Urduñako espetxera eraman zuten eta, ikerketen arabera, 1941eko apirilaren 6an hil zen, 55 urte zituela.

Extremadurako nekazariak lau alaba zituen, eta horietako bat izan da identifikazioa gauzatu ahal izateko giltzarria: Juana Llorens. Aita etxetik atera zutenean 10 urte zituen Juanak, orain 94 ditu. Iragan otsailean ADN lagin bat entregatu zion Gogora Institutuari, Urduñako gorpuak identifikatzeko kanpainaren barruan, eta horri esker lortu dute hezurrei izena jartzea.

Gogora Institutuak Francisco Llorensen familiari entregatuko dizkio gorpuzkiak datozen hilabeteetan.

Identifikazio lanak aurrera

Aranzadi Zientzia Elkarteak 2014an eta 2022ko abenduan egin zituen indusketak hiriko hilerrian, eta 1939 eta 1941 urteen artean Urduñako espetxe frankistan hildako presoen gorpuak aurkitu zituen bertan. Fructuoso Llorens da bertan aurkitutako 71 biktimen artean identifikatutako lehenengoa. Lanak, beraz, ez dira amaitu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide