Zerrenda bateratua aurkeztu dute Euskal Errepublikaren Batasunak eta Elkarrekin Podemosek (URE-EP) Urduñako hauteskundeetarako. Mikel Aguirre da koalizioaren alkategaia eta “udalerriko langileen zerrenda” izan nahi dutela adierazi du. Haien interesak defendatu nahi dituztela zehaztu du, “hala nola garraia publikoa edo egoitza, administrazioen hurbiltasuna, etxebizitza, enplegua eta hezkuntza”.
Zehazki, hamabost puntu ditu errepublikazaleen hauteskunde programak: administrazio-hurbilketa, kalitatezko garraio publikoa, ekonomia, hirigintza, egoitza, komunitarismoa, enplegua, etxebizitza, udalaren kudeaketa, berdintasuna eta bizikidetza, kultura, euskara, kirolak, memoria historikoa, eta politika energetikoa eta eko-jasangarria.
Ekonomia, enplegua eta etxebizitza
Ekonomiari dagokionez, Eskualdeko Plan Estrategiko baten beharra azpimarratu du koalizioak, “eskualdearen ekonomia- eta gizarte-garapena epe luzera definituko eta planifikatuko duena”. Bertan, lehen sektorea, industria, eta zerbitzuen-sektorea babesteko zenbait neurri proposatu ditu. Esaterako, tokiko-merkataritza sustatzeko, fidelizatze-programa bat, tokiko produktuen salerosketa erraztuko lituzkeen plataforma digital bat sortu nahi ditu URE-EPk.
Gazteen lehen enplegua eta alokairu sozialeko laguntzak ere sustatuko ditu koalizioak “lan-aukera duinekin eta prekaritaterik gabe, gure gazteak beren herrian garatu ahal izateko”.
Mugikortasuna eta irisgarritasuna
Garraio publikoaren arloan, hiriburuekin eta eskualdeko gainerako udalerriekin lotzeko tren eta autobus gehiagoren alde egingo dute, baita herri eta auzo periferikoak erdigunearekin lotzeko auzo-taxi edo minibus zerbitzuaren alde ere. Eskualdeko autobus zerbitzua ere ezarri nahi dute, beste udalerriekin lankidetzan.
Horrez gain, udalerriko irisgarritasuna hobetzeko arrapalak, barandak eta beste sistema batzuk jarri nahi dituzte, bigarren mailako errepideak hobetu – batez ere Ruzabalen –, eta “bideak eta pistak konpondu, landa-eremuetarako sarbideak hobetzeko”.
Administrazioa hurbiltzea
Administrazioa herritarrengana hurbiltzeko, URE-EPk administrazio-bulego bat ireki nahi du Urduñan, “herritarrek izapideak egin ditzaten SEPErekin, Lanbiderekin, Ogasunarekin edo nekazaritza-gaiekin”. Horrela, beste herri batzuetara joan behar izatea saihestu nahi diete herritarrei, eta izapide elektronikoak egitera ohituta ez daudenei ere laguntza eskaini nahi diete.
Kultura, euskara eta “komunitarismoa”
"Komunitarismoa" deiturikoan ere jarri du URE-EPk azpimarra: denbora-banku baten bidez auzokideen arteko elkarlana sustatu nahi du, jakintzen eta trebetasunen trukean oinarrituta.
Kulturaren eta euskararen arloan, koalizioak euskarazko bizitza bultztau nahi du, jarduerak euskaraz eginez, eta hizkuntza doan ikastea lagunduz, errenta-mailaren mende egon ez dadin eta esku pribatuetan egon ez dadin. “Gure hiriko arte-adierazpen guztiak bultzatu eta babestu nahi ditugu”, koalizioaren zerrendaburua gehitu du.