Laugarren legealdia jarraian bete nahi du EH Bilduk Urduñako udal gobernuan, eta azken 12 urteetan hiriak bizi duen eraldaketan sakontzen jarraitu. Horrela adierazi zuen Itziar Biguri alkategaiak Foru Plazan egindako hauteskunde kanpainako ekitaldian.
Bigurik balioan jarri zuen azken hiru legealdietan EH Bilduk egindako lana. Koalizio abertzaleak zabaldutako Monty Paytonen bideo moldatuari egin zion erreferentzia Bigurik hitzartzean: "Azken hamabi urteetan egindako hainbat ekimen eta proiektu zerrendatzen ziren bertan, baina askoz gehiago izan dira. Lan eskerga egin dugu herri hau aurrera ateratzeko".
Baina, gauzatutako proiektu eta ekimen guztien artean bat nabarmendu zuen egungo alkateak bereziki: udal-gobernu jeltzaleak utzitako zorra ia guztiz murriztea.
ÚLTIMA HORA se filtran imágenes de la asamblea del FJP (Frente Jeltzale Popular) en Orduña pic.twitter.com/ZSTWfLG9PL
— EH Bildu Urduña (@EHBilduUrduna) May 12, 2023
Hauteskunde kanpainako gako nagusiak aletu zituen Itziar Bigurik atzoko ekitaldian. EH Bilduk lau ardatzen inguruan jarraitu nahi du Urduña eraldatzen: gizarte ereduan, hiri ereduan, ekonomia ereduan eta kultura ereduan.
Larruazabalgo batzarra osatzen duten lau kontzejuak ere kontuan hartuko dituztela azaldu du Bigurik, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batzarren finantzaketa eredu propioa negoziatuz, besteak beste.
"Urduña eredu"
Iker Casanova ahaldungaia eta Ion Iñarritu diputatua Urduñako Foru plazan izan ziren atzo, Itziar Biguriri eta hautagai-talde osoari babesa adierazteko asmoz.
Turkiatik etorri berria zen Iñarrituk goraipatu egin du EH Bilduren udal gobernuaren kudeaketa eredua. Madrilen ordezkaritza izateak duen garrantzia ere azpimarratu du diputatuak, hiriak tren-zerbitzuarekin dituen arazoak gogora ekarriz.
Bide beretik udal gobernuak "hiria eraldatzeko" egindako lana azpimarratu du Iker Casanovak ere. "Gaur egun, Urduña kudeaketa onaren, gobernantza irekiaren, saneamendu ekonomikoaren eta konponbideak eraiki, ekarri eta sortzen dituen udal baten adibidea da", adierazi du ahaldungaiak. "Esfortzuak merezi duela" goraipatu du Casanovak, "politika onak jendearen bizitza aldatzen duela" aldarrikatuz.
Argazkiak: Aimar Gutierrez Bidarte