Parte hartzen zuten elkarteak Pitch and Putt Elkarteen Nazioarteko Federazioko (FIPPA) kideak dira; Frantzia, Andorra, Holanda, Katalunia, Galizia eta Euskadi, besteak beste. Guztira 80 jokalari bildu ziren Urduñan.
Asteburua ostiraleko entrenamendu jardunaldiarekin hasi zen, larunbat goizean 18 zuloko lehen buelta jokatzeko. Bazkalostean, 18 zuloko bigarren buelta izan zen. Hilaren 21ean, igandean, aldiz, azken buelta lehiatu zen.
Horren ostean, sariak banatu ziren. Gizonezkoen artean Josep Iglesias jokalari kataluniarrak irabazi zuen maila absolutuan, Alberto Alcaraz eta Miguel Angel Soler kataluniarren aurretik.
Senior mailan, lehen postua Antonio Penalvak lortu zuen eta bigarrena John Frederick izan zen.
Emakumezkoen kategorian, Herma Spaargaren herbeherarra izan zen txapeldun eta bigarren sailkatua Amparo Francisco izan zen.
Euskal Elkarteko jokalaririk onena Juan Medina izan zen, sailkapen nagusiko 16. postuan.
Urduñako zelaia 2016ko abenduan inauguratu zen eta pitch and putt 18 zuloko ibilbidea dauka. Irlandako zelaietan oinarrituta dago, Europako pitch and putt kirolaren sorlekua baita herrialde hori.
Argazkiak: Inbarri Elkartea