Iker Santocildes (EAJ) izan da bozka gehien lortu duen alkategaia 2023ko udal hauteskundeetan Urduñan. 47 botoko aldea atera dio Itziar Biguriri (EH Bildu). Horrenbestez, Eusko Alderdi Jeltzaleak zinegotzi bat kendu dio koalizio abertzaleari: sei eta bost eskuratu dituzte, hurrenez hurren.
Parte-hartzea %70,71 izan da Urduñan, 2019an baino 4 puntu gutxiago. Botoa ematera deituta zeuden 3.246 urduñarretatik 2.295 gerturatu dira hiriko hautetsontzietara.
Guztira, EAJk 1032 bozka eskuratu ditu (%45,88), EH Bilduk 985 (%43,79), URE-Elkarrekin Podemosek 96 (%4,26), PSE-EEk 83 (%3,69) eta PPk 33 (%0,88).
2019ko hauteskundeen aldean, EAJk bozka bakarra galdu du, EH Bilduk 127, PSE-EEk 77 eta PPk 29. URE-Elkarrekin Podemos ez zen azken udal hauteskundeetara aurkeztu. Boto guztiak zenbatuta, sei zinegotzi lortu ditu EAJk eta bost EH Bilduk. Horrenbestez, indarrak alderantzikatu dituzte Urduñako bi alderdi nagusiek.