Urduñako erabiltzaileek salatu dute Renfek gaueko azkenengo trena kendu diela

Aitor Aspuru Saez 2023ko eka. 1a, 12:00

Amurrion bukatzen du bere ibilbidea 23:35eko tren zerbitzuak. / Aiaraldea.eus

Maiatzaren 15ean ordutegiak aldatu zituzten eta 23:35ean Bilbotik ateratzen den trena jadanik ez da heltzen Urduñara.

Maiatzaren 15ean Renfek trenen ordutegiak aldatu zituen eta horrek eragina izan du Urduñako bidaiariengan. Izan ere, orain ezin dute C-3 lineako azken trena hartu eta Bilbotik Urduñara doan azken zerbitzua 22:35ekoa da.

Urduñako erabiltzaile batzuk harremanetan jarri dira Aiaraldea Komunikabidearekin eta azaldu diote trena hartzeari utzi egin diotela, lanagatik ezin baitzuten 22:35eko trenea hartu. Ondorioz, autoa baliatzeari ekin diote.

Renfek arrazoi teknikoak argudiatu ditu ordutegi aldaketa hori egiteko. Izan ere, Saratxo eta Urduña artean ari dira lanak egiten. Horregatik, 23:35eko trena ez da Urduñara heltzen eta Amurrion gelditzen da.

Azken tren hori hartzeko aukera kentzeaz gain, atzerapenak are ohikoagoak bilakatu dira Renfeko zerbitzuan

Horrez gain, nabarmentzekoa da maiatzaren 15ean ordutegi berria indarrean sartu zenetik, atzerapenak are ohikoagoak bilakatu direla zerbitzuan.

Berez, ez da urduñarrek salatu duten lehen arazoa Renferen jarrer dela-eta. Izan ere, Udalak enpresari eskatu zion zerbitzu berezia eskain zezan otxomaioetan eta hark uko egin zion.

Udalaren adierazpena

Itziar Biguri alkateak azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari azken asteetan kexa ugari jaso dituztela Urduñako Udalean ez bakarrik azken trena kentzearen ondorioz. Herritarrak kexu agertu dira atzerapenengatik eta beste tren batzuk ere kendu dituztelako. Udalak Renferi bideratu dio ezinegon hori, baina Bigurik salatu du enpresaren aldetik ez dutela "inolako erantzunik jaso".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide