Ertzaintzako Erreskate eta Zaintzako unitateak bi espeleologo lagundu zituen atzo, Gorobelen galdu baitziren. Hain zuzen, gazteek ibilaldia egin zuten kobazulo batean eta ateratzean eta tokia ezagutu gabe, horma batean blokeatuta geratu ziren eta erortzeko eta ondorio larriak izateko arriskua zuten.
Hori dela eta, 21:00ak aldera 112 telefono zenbakiarekin jarri ziren harremanetan eta honek Ertzaintza eta Aiarako Suhiltzaileak mobilizatu zituen.

Bilaketaren ondorioz, 02:00etan Zaintza eta Erreskate Unitateko kideek bi gazteak ez aurrera ez atzera geratu ziren lekura iristea lortu zuten. Ongi zeudela egiaztatu ostean, 100 metroko altuerako bertikaletik erreskatatzeko prestatu ziren.
Rapelak baliatuta 04:00etan onik itzuli ziren espeleologoak etxera, minik hartu gabe.