Rafael Fernandez Zubiaga urduñarra da Zubiaga sinaduraren atzean dagoen artista. Txiki-txikitatik hasi zen bere kabuz marrazten, aitak lagunduta, hura ere margolari autodidakta baitzen. Baliabide gutxirekin baina, gazte-gaztetan hasi zen eskualdeko bazterrak olioz pintatzen, harik eta Urduñan Bay-Sala artista ospetsua ezagutu zuen arte.
Haren lanekin liluratuta eta hark motibatuta, 15 urte baino ez zituela familia negozioa utzi eta bide artistikoari ekin zion. Lurralde asko bisitatu zituen, batez ere Iberiar penintsulan eta Afrika iparraldean, eta bere dohain paisajistikoak finkatzen joan zen. Bere garaiko lanetan protagonismo handia zuten argiek, koloreek eta perspektibak.
23 urterekin Arrasatera joan zen bizitzera eta 42 urte eman zituen margotu gabe, bertan jarri zuen negozioaren lanak itota. Hala, 1980ko hamarkada amaieran erretiroa hartu zuenean, berriz hartu zituen pintzelak eta margoak, eta ez zituen berriro utzi.
Orduan, bere euskal paisaia maiteak margotzeari ekin zion, atzerrira bidaiatu zuen eta bere artista arima berritu zuen. Hamarnaka koadro margotzen zituen urtean, eta erakusketa indibidualak ere dozena bat baino gehiago egin zituen, Euskal Herriko eta inguruko hainbat museo, galeria eta kultur etxetan. Rafael Fernandez Zubiaga 2022an zendu zen, 89 urte zituela.
Urduña Hiria Museoak antolatu duena izango da artista hil ondorengo lehen erakusketa. Hain zuzen ere, espozisioa prestatzen ari zen garaian hil zen pintore urduñarra, eta haren familiaren ekimenari esker.egin du erakusketak aurrera. Datorren ostiralean, ekainaren 23an, inauguratuko dute Zubiagaren marrazki hautaketa. 19:00etan izango da ekitaldia eta irailaren 24ra arte egongo da bisitatzeko aukera. Museoak eskerrak eman dizkio Zubiaga sendiari atzerabegirako erakusketarako lanak uzteagatik, eta aurreratu dute aurkezpen ekitaldi "oso berezia" izango dela ostiralekoa.