Bizkaiko "azokarik zaharrena" den San Joan Feria ospatu dute asteburu honetan Urduñan. Larunbatean ekin zioten programazioari, autokarabanen aparkalekuaren ondoko zelaian egin zen artzain txakurren txapelketarekin.
Azoka nagusia, ordea, igandean izan zen. Euskal Herriko hamaika txokotatik bertaratu ziren abeltzainak, baina irudi ikusgarriena tokiko abeltzainek utzi zutena izan zen. Tertangako, Zedelikako eta Urduñako bizilagunek oinez eraman zituzten behi aziendak feriara, eta ganadua egin zen hiriko kaleen jabe.
Ehunka herritar gerturatu ziren eguneko egitarauaz gozatzera: tokiko behi arrazen erakusketa, nekazaritzarako makinariaren erakusketa, artisau azoka edota herri bazkaria izan ziren programazioa osatu zuten ekintzetako batzuk. Antolakuntzan murgilduta egon zen Olaran Elkarteak azoka egunaren balorazio "oso positiboa" egin du.