Ertzaintzak gizonezko bat atxilotu du atzo goizean Amurrion, asteburuan Urduñan gertatutako lapurreta baten ustezko egile gisa. Lapurreta igande goizaldean gertatu zen; gizonezko bat Urduñako etxebizitza batean sartu zen bortxaz eta bertako bizilaguna labana batekin mehatxatu zuen. Lapurrak kate bat, dirua eta telefono mugikor bat eraman zituen etxebizitzatik.
Lapurreta gehiago
Igandean bertan, beste lapurreta saiakera bat egon zen Urduñako taberna batean, eta Ertzaintzak azaldutakoaren arabera susmagarria berdina litzateke, deskribapen fisikoak bat egiten dute eta. Kasu honetan, ordea, ustezko lapurrak ez zuen lortu ezer lapurtzea. Izan ere, establezimenduko leihoetako bat bortxatzen saiatu zenean tabernako jabearekin egin zuen topo eta ihes egin behar izan zuen.
Ikerketak fruituak eman, eta ustezko egilea identifikatzea lortu zuen Ertzaintzak. Astearte goizaldean bertan atxilotu dute 38 urteko susmagarria Amurrion. Laudioko Ertzain-etxetik adierazi duenez atxilotuak polizia-aurrekariak ditu. Hori dela eta fiskaltzak behin-behinean espetxeratzea eskatu du "berrerortzea, errotze-falta eta egindako delituaren garrantzia direla eta".
Gaur igaro da atxilotua epailearen aurretik, eta honek espetxeratzeko agindua eman du.