Atzo izan zen Caminus Euskal Herria egitasmoaren hasiera. Horren barruan, giharretako distrofia duten bi lagunek Hego Euskal Herria zeharkatuko dute hamaika etapatan eta atzo izan zen lehena, Gasteiz eta Urduña artean.
15:00etan harrera egin zieten hilerrian eta 19:00etan Foru plazan izan zen ekitaldia, hiriko zenbait herritar eta ordezkari politikoren babesarekin.
Caminus elkartea 2019an sortu zuten gaixotasun arraroen berri emateko, aniztasun funtzionala duten pertsonen errealitatea azaleratzeko eta dirua eskuratzeko gaitz horien ikerketarako.
Gaur Urduñatik Bilbora joko dute Caminuseko kideek eta bederatzi egun barru Gasteizera itzuliko dira Donostia eta Lizarra zeharkatuta, besteak beste.
Ekimen horrekin mezu baikorra zabaldu nahi dute elkarteko kideek eta marka berria ezarri, Hego Euskal Herria gurpil-aulki elektrikoz zeharkatuko baitute lehenengo aldiz.
Argazkiak: Antonio Muñoz