RUBEN DE LA FUENTE

"Mahor liburu-denda Urduñako gizartearen parte izan da"

Aitor Aspuru Saez 2023ko uzt. 5a, 16:30

RUBEN DE LA FUENTE Urduñako Mahor liburu-dendaren ardurak izan ditu azken 20 urteetan eta laster agur esango dio negozioari. Liburu-dendarekin zer gertatuko den eta liburuen industriari buruz duen ikuspegia azaldu du, besteak beste.

Zergatik erabaki duzue Mahor liburu-denda uztea?

Lan beharrengatik. Beste proiektu bat daukat eta ez daukat denbora guztientzako. Arduraren bat utzi behar dut eta liburu-denda izango da, denbora piloa eskatzen baitu. 

Pena sentitu duzu?

Bai. Pentsa ezazu, gu hasi ginen lokala hemengo beste toki txiki bat da eta gero beste batera joan ginen Foru Plazan. Azkenean, egungo kokapenera mugitu ginen. 

Azken 20 urteetan izan dut nik ardura nagusia eta nire gurasoek ireki zuten duela 40. Txikitatik bizi izan dut, beti hemen liburuekin eta paperarekin. 

"Liburu-dendak jarraituko du, baina beste arduradun batzuekin"

Ardurak nire gain hartu baino lehen atzerrian egon nintzen tarte batez, baina nire amari aldakan egin zioten ebakuntza eta berak ezin zuen proiektuaren ardura osoarekin egon. 

Hala ere, hori uztartu dut beste lan batekin eta orain beste proiektu bat dudala, ezin dut dena hartu.
Gainera, gogoratu nahi dut argitaletxea ere abiatu nuela eta ezin dut gehiago. Azken hilabeteetan luze hausnartu dut honi buruz eta urratsa egitea falta zitzaidan.

Izan ere, negozioa ondo doa, funtzionatzen du eta bezero pilo ditugu eta jendeak maite gaitu. Gizartearen parte gara eta hori funtsezkoa da. 

Zer gertatuko da liburu-dendarekin?

Asmoa jarraitzea da. Izan ere, bezero mordoa dugu eta testu liburuak eskatzen hasiko dira eta larrituta daude. Astebete edo gehienez bi aste eskatu dizkiet hori kudeatzeko. Badakit bezeroak galduz gero, ez direla berreskuratzen. 

Gure ordez sartuko direnak hasiera bikaina izatea nahi dut. Irailean ikasturtea hasten da eta taberna bat jaietan hartzea bezalakoa da. 

"Interesdun batzuk baztertu ditut, nire asmoa delako liburu-dendak jarraitzea orain bezala"

Horregatik iruditzen zait garrantzitsua orain hartzea norbaitek. Halaber, nire ideia da liburu-dendak orain den moduan jarraitzea.

Jende interesdun ugari egon da eta batzuk baztertu ditut, iruditzen zitzaidan ez zutela balio horrelako denda batean egoteko. Berez, nire nahia da proiektuak jarraitzea, nahiz eta norberak bere ukitua eman. 

Are gehiago, nik gehien gogoko nituen interesdunei eskaini diet eurekin egotea behar beste denbora.

Zer gertatuko da Mahor argitaletxearekin?

Momentuz aparkatuta dago. Ideia da berriro hartzea, egitasmo polita baita; tokiko egileak sustatzea eta ikusgarritasuna ematea. 

Idazleak pozik daude, baina egia da guk ez dugula dirurik irabazten, ez baduzu galtzen, nahikoa, baina zabalpen handia dugu Elkarrekin eta beste pare bat banatzailerekin. Hori bai, liburuaren ia %70a eurentzat da. 

"Mahor argitaletxearekin ez dugu dirurik irabazten, baina egileei ikusgarritasuna eman diegu"

Denborarik gabe ezin ditut aurkezpenak antolatu, salmenta puntuak bilatu... Hori da arazoa eta pena da.

Bi egilerekin egin dugu lan eta hiru liburu izan dira guztira. Pare bat gehiago ditugu eta ez dakit nola egingo dudan, baina egingo dut.

Hasieratik adierazi duzu ez duzula Mahor enpresa handi baten esku utzi nahi.

Multinazionalekin obsesioa daukat, eurek erabakitzen baitute zer irakurri eta entzun behar dugun eta doktrinatzen gaituzte. 

Liburu-denda independenteok daukagun abantaila da inork ez digula esaten zer saldu behar dugun. Nahi duguna saltzen dugu. Jakina, biziraun nahi baduzu, saltzen dena ere izan behar duzu, baina nahi duzuna ere jaso dezakezu.

Enpresa handiek ez dute tarte hori ematen eta adibide argia dira autozentsuratzen diren musika taldeak Ameriketako Estatu Batuetan saltzeko. Egun kultura esparruan gertatzen da eta guztiz penagarria da.

"Amazon bezalako enpresei alfonbra gorria jartzen diegu eta tokiko merkatarien lekua hartzen dute, lan prekarioa sortuta eta zergak ordaindu gabe"

Berriki antzarrak ferratzera bidali dut Amazongo banatzaile bat, paketea utzi nahi zidan liburu-dendan eta ez nago prest. Alfonbra gorria jartzen diegu eta saltzen dute guk saldu beharko genukeena. Urduñako edozein enpresak baino gehiago saltzen dute eta zergak Luxemburgon ordaintzen dituzte. Finean, hemen egiten duten gauza bakarra da bideak apurtzea, eta guk ordaindu behar ditugu.

Lan prekarioa, zerga ez ordaintzea eta tokiko merkataritzaren lekua hartzea, hori da egiten dutena. 

Horrez gain, tokiko merkatariok zaintzen ditugu berezoak eta adi gaude ea dena ondo dagoen; kalera ateratzen diren, pertsianak igo dituzten... Beti gaude hor eta tokiko merkatarion lana da.

Pandemia garaian guztiok izango ginen hobeak, baina nik uste tokiko negozioen itxiera sorta ikusiko dugula laster. 

Urduñan merkatarion elkartea hilik dago eta nabaritzen da, dirulaguntzak galtzen ditugu, babesa, ikusgarritasuna... Nork bere kabuz egiten du gerra. Elkarlana garrantzitsua da eta hemen ez daukagu, ez dago babesik.

Multinazionalek negozio eredua aldatu dute, zuek nabaritu duzue?

Ez horrenbeste. Izan ere, gure bezeroak irakurleak dira edo etortzen dira zerbaiten bila eta guk bideratu ditzakegu euren gustuak ezagutzen ditugulako, baina, esaterako, Dolores Redondok liburua argitaratzen badu, badakizu salduko duzula.

"Nik barre egiten dut ikusten ditudanean urteko hamar liburu onenen zerrendak; atera diren 30.000 irakurri dituzu? Betikoak jartzen dituzte. Hamar horien artean zortzi ezagutzen dituzu, betikoak direlako. Musikarekin bezala"

Nik sarreran bestsellerrak ditut, baina baita Artomañako egile bat, adibidez. Emakume urugaiarra da eta Artomañan bizi da, han girotu du thriller bat. 

Horrelako egileei aurkezpen bat antolatzea dirua galtzea da, baina ikusgarritasuna ematen diozu. Artomañako emakume honek Planetako autoekoizpen atal batekin argitaratu du eta eskariaren arabera plazaratzen dituzte. Bost kopia eskatu behar dira gutxienez eta horrela argitaratzen dute.

Berez, enpresa handiek ez dituzte egile txikiak argitaratu nahi, soilik ziur asko salduko dituztenak. Horrela hasiberriek oso zaila dute, batzuk motxilarekin doaz banatzen. Apur bat tristea da.

Aintzat hartu behar da urtero 30.000 publikazio ezberdin argitaratzen direla gazteleraz, baina %80ak ez du saltzen ezta 50 ale. Guk 200 saldu ditugu azkenarekin.

Gehiegi argitaratzen da, jendearengana gehiena ez baita heltzen. Nik barre egiten dut ikusten ditudanean urteko hamar liburu onenen zerrendak; atera diren 30.000 irakurri dituzu? Betikoak jartzen dituzte. Hamar horien artean zortzi ezagutzen dituzu, betikoak direlako. Musikarekin bezala.

Nola hartu dute bezeroek albistea?

Oso triste. Batzuek modu pertsonalean hartu dute eta galdetu didate ea nola egiten diedan hau. Ezustekoa izan da, baina azaldu diet lekukoa hartuko dutela beste batzuek.

Zein izan da Mahorrek ekarpena Urduñari?

Eskaintza ezberdina izan dugu. Inoiz ez dugu gogoko izan besteen liburu berak izatea. Hornitzailea etortzen zenean, esaten genion ez genuela izan nahi besteek salduko zutena. Horrela lortu dugu zerbait ezberdina izatea.

Erakusleihoa ere zaindu dugu. Aurten Bizkaiko onena izan ginen. Horrez gain, Mahorren zerbaiten bila sartuz gero, nik konpromisoa hartu dut ekartzeko, deitzeko, bilatzeko... Nik nahi dut zuk zerbait eramatea.

40 urteren ondoren, zer eman dizue liburu-dendak?

Familia blokea izan da. Aita beti dago hemen, itzulpenekin eta eskariekin laguntzen. Amak ere egin du, mugikortasun arazoak izan arte. 

Batzuentzat gurasoekin egotea amesgaiztoa litzateke, baina gu oso gustura ibili gara elkarrekin lanean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide