Abian dago Orduener, energia komunitateak sortzeko egitasmoa

Txabi Alvarado Bañares 2023ko uzt. 11a, 21:58

Ekainaren hasieran egin zuten elkartearen aurkezpena. / Orduener

Urduñako hainbat eraikin publikoetako teilatuan aztertzen ari dira, energia ekoizteko instalazio komunitario bat jarri daitekeen ikusteko, baina beste hainbat ekimen ere dituzten esku artean. 

Ekainean aurkeztu zuten jasangarritasuna sustatzeko Orduener elkartea. Urduñako Udalak bultzatu du proiektua, helburu nagusi batekin: Urduñan zein Arrastarian komunitate energetikoak sortzea eta, modu horretan, herritarren bizi kalitatea hobetzea, egoera zaurgarrian daudenena batez ere.

Jon Sierra Ortiz da elkartearen zuzendaria, eta berak aletu ditu egitasmoaren nondik norakoak. Bere hitzetan, azken urteetan "izugarri" igo dira argindarraren, gasaren, gasoleoaren zein elikagaien prezioak, baina eroshalmena, aldiz, "murriztu" egin da. "Bien bitartean, baliabide horiek hornitzen dizkiguten enpresak irabazi handia izaten ari dira", nabarmendu du. 

Horregatik, "energia oligopolioari" aurre egin nahi dio Orduenerrek. Sierrak zehaztu duenez, irabazi asmorik gabeko elkartea eratu dute, eta ez dago alderdi politikoei lotuta. "Mugimendu ireki, libre, boluntario eta inklusiboa da gurea, irabazi asmorik gabekoa". 

Argi dute norabidea. "Trantzitsio energetikoa" sustatu nahi dute, "baliabide berriztagarrietan" oinarrituta; eta udalerriko norbanako, enpresa, merkatari, elkarte zein erakunde orori luzatu diote prozesura batzeko deia. 

Azaldu dutenez, mota honetako komunitate energetiko ugari sortzen ari dira azkenaldian Euskal Autonomia Erkidegoan. Hain zuzen, Orduener da lurraldean eratzen den hemeretzigarrena. "Badugu ekimen gaitasuna, baita antolatzeko gogoa eta behar den energia ere", ziurtatu du Sierrak. 

Hainbat teilatu publiko aztertzen ari dira, “energia ekoizteko instalazio komunitario” bat jarri daitekeen ikusteko

Lan lerroak

Hasi dira lehen urratsak ematen. Sistema fotovoltaiko baten balorazioa egiten ari dira Udalarekin elkarlanean. Hainbat teilatu publiko aztertzen ari dira, “energia ekoizteko instalazio komunitario” bat jarri daitekeen ikusteko. 

Baina energia komunitatearen proiektua ez da “kontsumo partekatua” sustatzera mugatzen, elkarteko kideek sustatu dutenez: “Gure helburua harago doa eta, kontsumo partekatuaz gain, beste balore batzuei lehentasuna eman nahi diegu”.

Gauzak hala, hainbat lan lerrotan arituko dira. Hezkuntzan jarriko dute begirada, ekonomia zirkularrari edota energiaren aurrezpenari lotutako ekimenak abian jartzeko haurrekin. Ildo beretik, sentsibilizazio kanpainak ere sortu nahi dituzte klima aldaketari zein energiari lotutako bestelako esparru batzuen inguruan. 

Pobrezia energetikoaren arazoari ere heldu nahi diote. Bulego bat ireki nahi dute horretarako, "hiritarren balizko beharrizanak artatzeko"

Horrez gain, pobrezia energetikoaren arazoari ere heldu nahi diote. Bulego bat ireki nahi dute horretarako, "hiritarren balizko beharrizanak artatzeko". 

Eskualdean dauden energia iturrien aprobetxamendua ere sustatu nahi dute, eta beste hainbat ideia ere jarri dituzte mahai gainean: Galdakaora edo gune industrialetara joateko auto partekatuak sustatzea, etxebizitzen eraginkortasun energetikoa handitzeko inbertsioak bilatzea edota hiria bizigarriagoa bilakatzeko ekintzak egitea, besteak beste. 

Ekonomiaren esparruari dagokionez, finantziazioa bilatu nahi dute hiriko enpresa zein norbanakoen eraginkortasun energetikoa hobetzeko, eta aholkularitza eskaini nahi dute energiari lotutako gaiei dagokionez (kontratuak, fakturak, kontsumoa murrizteko bideak...). Ekonomia zirkularra sustatuko dute, onura ekonomikoak gizartean edo energiari lotutako bestelako ekimenetan inbertitzeko berriz. 

Kooperatiba lanabes

Nabarmendu dutenez, egingo dituzten ekimen guztien ezaugarri komun bat izango dute komunean: onura ekonomikoak izatea ez dela inoiz lehentasuna izango. Hori bermatzeko, “egitura asanblearioa” osatuko dute, eta boto bakarra izango du elkartearen parte den pertsona edo elkarte bakoitzak. Horregatik eratu dira elkarte moduan, eta koopertaiba izatera pasako dira laster, Europako eta Espainiako araudietara egokitzeko. 

Gauzak hala, Urduña eta Arrastariako herritar guztiei luzatu diete proiektuan parte hartzeko gonbita, “guztien energia” behar dutelako: “Oso garrantzitsua da jakitea inor ez dela gu salbatzera etorriko, gu gara geure bizi-kalitatea hobetzeko antolatu behar garenak”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide