URDUFOLK

“Toki askotan ikasi dut musika, baina musikari Urduñan egin naiz”

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko abu. 29a, 07:00

Hainbat proiektutan murgilduta dabil Alex Lopez. / Aiaraldea.eus

ALEX LOPEZ (Amurrio, 1983) baxujoleak Sensei Music Ensmable proiektuarekin irekiko du UrduFolk jaialdia irailaren 1ean. Esku artean dituen kontzertuez mintzatu da.

Zuk irekiko duzu aurten UrduFolk Jaialdia. Zer prestatu duzu Urduñako kontzerturako?

Sensei Music Ensambleren estreinaldia izango da. Duela hiru urte Avishai Cohen kontrabaxu jolearen inguruko proiektu bat abaitu genuen bere errepertorioaren kontzertu bat prestatuz. 

“Oso gauza bitxia eta ez oso ohikoa aurkituko du entzuleak UrduFolkeko kontzertuan”

Asko gustatzen zaidan kontrabaxu jolea da Avishai Cohen. Bera jazz konpositorea da, baina folka asko lantzen du. Bere abesti asko ladinoan edo ekialde hurbileko doinuetan oinarritutako abestiak dira. Beti esan diot Joseba Urruelari oso aproposa iruditzen zitzaidala UrduFolken jotzeko, azken finean jazza da baina folk doinuetan oinarrituta.
Aurten UrduFolken jotzeko gonbitea luzatu zidatenean, zerbait berezia prestatzea erabaki genuen. Are gehiago landuko dugu folka eta eszenatokira igoko den taldea ere handituko dugu. Orain arte musika instrumentala egin dugu eta Urduñako kontzerturako hiru ahots gehituko ditugu taldean. Guztira, 10 musikari izango gara, eta joko ditugun abesti asko berriak izango dira.

Oso gauza bitxia eta ez oso ohikoa aurkituko du entzuleak bertan, normalean Euskal Herrian entzuten ez diren abestiak.

Imaginatzen dut gogotsu egongo zaretela prestatutakoa jendaurrean aurkezteko.

Hori da. 10 pertsonez osatutako taldea ez da gauza makala. Guretzako ere erronka handia da. Zazpikote moduan ibilbide txikia egin dugu, baina orain gehiago gara eta gauza batzuk aldatu beharra ditugu. Emaitza ikusteko gogotsu gaude, bai.

Uribe Kostan bizi zara gaur egun, baina amurrioarra zara izatez. Berezia da zuretzat Urduñan, Aiaraldean, jotzea?

Oso, oso berezia. Ilusio handia egiten dit estreinaldia eskaintzeak, nire taldearekin gainera. Nire ibilbidea Urduñarekin lotuta egon da hasieratik. Nik Amurrioko kontserbatorioan, musika eskolan, Algortan… ikasi dut musika. Baina, ni musikari Urduñan egin naiz. Orduak pasa ditut Iñaki Plazaren eta Kepa Calvoren estudioetan, euren proiektuetan… Urduñan ezagutu ditut ere musikari pila bat, eta beraiekin ere hamaika saltsatan ibili naiz. Ilusioa egiten dit Urduñara bueltatzeak.

“Ni zuzeneko animalia naiz, eta kontzerturik gabeko boladak luze egiten zaizkit askotan”

Azkenaldian beste hainbat proiektutan ere bazaude murgilduta.

Uda bizia izaten ari da bai. Donostiako Jazzaldia hasi aurretik Altzerri klubean egon ginen Avishai Cohenen errepertorioa jotzen izan ginen laukotean. El Consorcio taldean ordezko baxu jolea naiz, eta uztailean kontzertua izan nuen Madrilen.

Bilbon hitzordu garrantzitsu bat izan nuen ere. Txupinazo egunean, Guggenheim pareko eszenatokian mobida galanta prestatu zuten, eta bertan egongo nintzen. Iñaki Urangak, El Consorcioko abeslariak, kontzertu berezia eskaini zuen. Oinarrizko taldeaz gain, non nik kontrabaxua jo nuen, hamairu haize tresnaz osatutako ‘big band’ bat eta Bilboko Orkesta Sinfonikoko 28 harizko instrumentu ere igo ziren eszenatokira; guztira 50 musikari inguru. Guzti horrek entsegu asko exijitu zituen. Irailean, UrduFolkeko konztertuaz gain, Xabi Aburruzagarekin ere arituko naiz. Bukatzeko, urrian Iñaki Plazarekin kontzertu bat eskainiko dut Andorran.

Sei kontzertu izango dira guztira, baina oso desberdinak. Aurrekoan zenbatzen jarri nintzen eta 100 abesti baino gehiago dira guztira.

Nola uztartzen dira hainbeste proiektu zure egunerokoan?

Batzuetan ondo eta beste batzuetan, gauza asko pilatzen direnean, gauez ikasi behar ditut abestiak. Bi seme alaba ditut, oraindik txikiak dira. Egunean zehar ere beraiekin gora eta behera ibiltzen naiz, eta behin oheratuta daudela estudioan sartzen naiz. Badira oso nekatuta amaitzen dudan asteak.

Baina boladak dira. Musikan beti dira boladak. Batzutan topera zabiltza eta beste batzuetan ez duzu bolorik. Neguan, adibidez, ez dut ia zuzenekorik izaten. Nik beti esaten dut datorrena hartu egin behar dela. Ni zuzeneko animalia naiz, eta kontzerturik gabeko boladak luze egiten zaizkit askotan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide