Javi Irabienen makila erakusketa, Orduña Hiria Museoan ikusgai

Aitor Aspuru Saez 2023ko ira. 6a, 14:30

Ia 100 lan jasotzen ditu Orduña Hiria Museoko erakusketak eta urtarrilaren 14ra arte bisitatzeko aukera egongo da. Irailaren 22an hitzaldia eskainiko du Javi Irabienek berak, erabiltzen dituen teknikak azaltzeko.

Ostiralean inauguratu zuen Javi Irabienek Bizitza propioa duten makilak erakusketa Orduña Hiria Museoan. Hainbat lagunek parte hartu zuten ekimenean, udal gobernu taldeko kideek barne.

Javi Irabienek "80-100 lan inguru" batu ditu museoan eta gehienak makilak dira. Hala ere, eskulanak eta animalien adarrekin egindako objektuak daude, baita makuluak ere.

Irabienek etxean zituen piezak eraman ditu museora, baina baita erakundeentzat edo herritarrentzat egindako makilak ere: "Urduña, Amurrio, Arrastaria edota Lendoñoko alkateen makilak daude. Horrez gain, osatzear dagoen udal batena ere badago, Usansolokoa, alegia".

Irabienek aldarrikatu nahi du guztiak direla artisau lanak, erantsitako grabatuak salbu, horiek ez baititu berak egiten: "Gainerakoa nik egiten dut".

Pieza bat nabarmentzeko orduan, egileak Amurrioko alkatearen makila aipatu du: "Denbora gehien eraman didana izan da, ez egurra lantzerako orduan, baizik eta tokikoak ez diren egur batzuk dituelako. Esaterako, boj egurra dauka eta uretan sartu behar izan nuen tratatzeko".

Artistak argitu du makilak berak adierazten duela Amurriok izan duen eraldaketa XX. mendean: "Amurrio landa eremuko herria zen, abeltzaintzan eta nekazaritzan zentratua, eta industrializazioarekin erabat aldatu zen. Hori adierazi dut erabilitako materialen bidez, besteak beste. Makilak berak istorio bat kontatzen du".

Hitzaldia irailaren 22an

Irabienek bere aitarekin ikasi zuen nola egiten ziren makilak, baina denboraren poderioz jakintza gehiago eskuratu ditu eta ulertu du nola erantzuten dien egurrak teknika ezberdinei. Hori guztiari buruz mintzatuko da irailaren 22an Orduña Hiria Museoko areto nagusian, 18:00etatik aurrera.

Argazkiak: Orduña Hiria Museoa

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide