Uztailaren 17an amaitu zen enpresek zerbitzu-sariak aurkeztu eta proposamenak egiteko epea. Hurrengo urratsa komunitate bakoitzean zein ikerlan egin nahi duten hautatzea izango da; izan ere, Kudeaketa Batzorde bakoitzak egokiena irizten duena aukeratu dezake. Batzorde horiek Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta atari bakoitzeko ordezkari batek osatzen dituzte eta horien bidez hartu dira erabakiak prozesu osoan zehar. Hori dela eta, posible da ikerketa bat baino gehiago hautatua izatea, batzorde bakoitzak bana hautatu baitezake.
Gogoratu beharra dago urtarrilean ireki zituztela bi auzootan hurbileko bulegoak, auzokideei orientazio eta informazio zerbitzuak emateko helburuarekin. Tarte honetan banakako zein taldeko bilerak egin dituzte komunitateetako lehendakariekin, jabeekin, arkitektoekin eta gainerako eragileekin.
Hurrengo urratsak
Maria Dolores Madaria auzoan 90 etxebizitza sartzen dira hiri-berroneratze ekimenaren barruan, eta Landatasen 60. Etxebizitza horiek biltzen dituzten 11 komunitatek erabaki dute proiektuen idazketa fasearekin aurrera egitea. Behin proiektuak aurkeztuta, lanekin aurrera egin ala ez erabaki beharko dute.
Lanak etxebizitzak irisgarriago egitera eta energia kontsumoa murriztera bideratuta egongo dira.
Prozesuan aurrera ez egitea erabakitzen badute, Eusko Jaurlaritzak Berpiztu funtsen bidez ematen duen dirua gainerako komunitateen artean banatuko litzateke. Izan ere, Udalak banatzen du diru hori, eta partida finkoa da. Europar Batasunak ematen duen laguntza, ordea, etxebizitza bakoitzari esleitzen zaio eta, hortaz, baten batek prozesua etetea erabakiko balu dirua itzuli beharko luke. Next Generation funtsetatik banatuko du Europar Batasunak hiri-berroneratzeko proiektu hauetarako dirua.
Next Generation funtsen dirua eraikinen inguratzailea (fatxadak, estalkia, hegalak...) hobetzeko esku-hartzeetarako bideratu daiteke, bai eta energiaren kontsumoa murrizteko bitartekoetara, esaterako, banakako galdarak errendimendu handiko gas naturalekoekin ordezteko, eguzki-panel termikoen bidez ur beroa ekoizteko sistemak instalatzeko edo berokuntzako eta ur beroko sistemak instalatzeko. Horrez gain, beste diru-iturriak eraikinen irisgarritasuna hobetzeko bideratuko dira, hala nola igogailuak edo arrapalak instalatzeko.