“Izen-emateak oso ondo doaz, daramagun erritmoa ikusita, iazko marka gainditu dezakegu”, adierazi du Arando Korrikalari Taldeko Yolanda Remirez de Ganuzak. XVII. edizioa izango da eta nabari da lasterketa hirian errotuta dagoela. Iaz 200 pertsona inguruk bete zuten 10 kilometroko proba, eta haurren kategoria bakoitzean 150 korrikalariren bueltan aritu ziren. Duela hamar urte inguru gehitu zuten paralinpikoen proban 20 korrikalari inguruk hartu zuten parte, eta aurten kopuruari eutsiko diotela ziur dira.
Neurri guztietako ibilbideak
Nagusien proba orokorrak 10 kilometro ditu, eta ibilbidea oso laua eta hirikoa dela aurreratu du Remirezek. Korrikalariak 11:30ean aterako dira Foru plazatik eta itzuli bat emango dute haren inguruan, jarraian igerilekuetaraino korrika joan eta berriz ere plazara itzultzeko. Ostean, Rondinako industrialdera joko dute Mojen komentutik igarota eta, Antiguako pasealekua gurutzatu eta gero, berriz itzuliko dira plazara.
Antolatzaileen hitzetan, Foru plazatik ia bost aldiz igarotzen direnez, “ikusleentzako oso lasterketa erakargarria” da, askotan ikusten baitituzte korrikalariak pasatzen. Ibilbidean zehar egoten da jendea animatzen, baina, batez ere, plazan bertan pilatuko da jendetza, lasterketa laburrak ere bertatik abiatuko baitira.
12:40etatik aurrera paralinpikoen eta ‘txikien’ eta ‘minitxikien’ txanda helduko da. Lehen biek 1.500 metroko ibilbidea osatu beharko dute, hainbat txandetan, eta gaztetxoenek 600 metro egingo dituzte plazaren inguruan.
Hogei saritik gora
Ibilbideetakoren bat osatzen duten korrikalari guztiek izango dute saria ordainetan. Proba nagusian, gainera, hogeita bi sari banatuko dituzte hainbat kategorietan: lehen urduñarrak, sailkapen orokorreko lehen hiruek, A beterano kategoriako lehen hiruek eta B beterano kategoriako lehen hiruek jasoko dituzte sariak, bai emakumezkoetan zein gizonezkoetan.
Izen-emateak
Hainbat bide daude lasterketan izena emateko. Urduñarrek erraz-erraz dute, atzo Alondegian aritu baitziren Arando Korrikalari Taldeko kideak izenak jasotzen eta dortsalak banatzen, eta gaur ere ordutegi eta leku berean egongo dira. Gainera, egunean bertan lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago jaso ahalko dira dortsalak, baita izena-eman ere. Bitartean, Interneten eskuratu daiteke dortsal zenbakia, Kirolprobak atarian.
“Giro onean” eta “inguru ikusgarrian” kirolaz gozatu nahi duten horiek, hortaz, aukera bikaina dute igande goiz honetan eskualdean bertan.