Urduña Hiria Herri Krosa probaren XVII. edizioa jokatu zen atzo. Foru Plaza izan zen irteera eta helmuga puntua eta bere inguruan aritu ziren kirolariak zein ikusleak.
11:30ean 10 kilometroko ibilbidean izena eman zuten 230 lastekari atera ziren eta lehen hiru sailkatuak Brahim El Asri, Alberto Díaz Domínguez eta Amine Bougrine izan ziren. Hala ere, lehenengo postuak zein sailkapen gehiena aiaraldearrez josita egon zen.
12:40an, ordea, kirol paralinpikoaren txanda heldu zen. Javi Conde taldeko hainbat atleta kokatu ziren irteera marran eta klubak egiten duen lanagatik Condek berak omenaldia jaso zuen sari banaketan.
Horien ondoren, dena den, oraindik ehunka korrikalari zeuden euren orduaren zain, eta eurekin senideak zein lagunak. Izan ere, hurrengo bi probak txikiena eta mini-txikiena izan zen, zeinetan gazteek, eta batzuetan gurasoek ere, bete zituzten ibilbideak.
Amaitzeko, lehen hiru sailkatuak aitortu ez ezik, emakumezko azkarrenak edota Urduñako lehen sailkatuak ere saritu zituzten.