Urduñako Alde Zaharrean autoen trafikoa kentzearen aldeko apustua egin du EH Bilduk

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 25a, 14:00

Alde Zaharreko trafikoa arautzeko orduan, EH Bilduk exijitu du zonaldea oinezkoentzako gunea bilakatzea.

Koalizioak oharra zabaldu du herritarren eta hedabideen artean, eta bi gauza eskatu dizkio EAJri: Foru plaza errotonda gisa ez erabiltzea eta Alde Zaharreko kaleetan ibilgailuen trafikoa ahalik eta gehien murriztea.

Urduñako Alde Zaharreko ibilgailuen trafikoak jarraitzen du gatazka politikorako gaia izaten. Hain zuzen, EH Bilduk oharra zabaldu du herritarren etxeetan eta komunikabideen artean, egungo udal gobernu taldeari exijitzeko Alde Zaharra oinezkoentzako gunea izatea.

Koalizioaren aburuz, "badirudi ez garela jabetzen Bizkaiko Erdi Aroko herrigunerik handiena dugula, XII. mendekoa, 1997an Multzo Historiko-Monumentala izendatu zena, eta autoek kalte baino ez diotela egiten. 2000. urtean, plaza eraberritu zenean, arkitektoaren azken txostenak hau zioen: 'Azpimarratu behar da nagusiki oinezkoentzako plaza bat aukeratu dela (...); obrek ez dute behar bezala funtzionatuko, ibilgailuen igarobideari jarritako muga bete ezean'. Sinestezina dirudi, baina, 23 urte geroago, plaza oinezkoentzat izateari buruz eztabaidatzen jarraitzea".

Horrez gain, EH Bilduk uste du Alde Zaharra oinezkoentzako gunea bilakatzeak (auzokideei autoz sartzeko aukera emanda), umeen eta herritarren segurtasunean eragiten duela eta tokiko merkatarien mesederako ere badela.

Horregatik guztiagatik, honakoa eskatu dio opozisioko taldeak EAJko udal gobernuari: "Izan dezagun ausardia politikoa eta egin dezagun aurrera behingoz, hirigune historikoa oinezkoentzat izan dadin %100ean, gaur egungo munduan egon nahi badugu behintzat, non egunero ikusten dugun oinezkoentzako guneak irekitzearekin batera ibilgailuei zirkulazioa galarazi egiten zaien".

Aldarrikapenaren arrazoia

Udal hauteskundeen kanpainan talka ekarri zuen Alde Zaharreko trafikoaren kudeaketak eta egungo EAJko udal gobernu taldeak adierazi du hori arautzeko prest dagoela. Hain zuzen, inkesta bidali du etxeetara eta LEBER enpresarekin ari da lanean horretan, herritarren mugikortasun ohiturak ezagutzeko, lehenik eta behin.

Edonola ere, EH Bilduk aldarrikatu du enpresa horrekin aurreko legealdian ere ari zela lanean Udala eta argudiatu du inkestak aurreko udal gobernu taldearen ideia izan zirela, baina ez zutela inondik inora aurreikusten trafikoa Foru plazara itzultzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide