Duela urte batzuk Palestinan egon zinen.
Bai, Payasos en Rebeldía elkartearekin joan ginen eta ideia zen zirkua eramatea Palestinako gazteei. Zehazki, Zisjordanian egon ginen.
Rivas Vaciamadrideko Udalak sustatu zuen eta Zisjordaniako hiri nagusienetan egon ginen: Hebron, Ramala, Belen...
Nablusera heldu ginen eta ikusi genuen ikurrak haga erdian zirela. Egun horretan militar israeldar batek tiro egin zion neska bati eta anbulantzian odolustu zen. Militarrek check pointak itxi zituzten eta umea anbulantzian hil arte ez zituzten berriro ireki.
"Nablusera heldu ginenean jakin izan genuen neska bat hil zutela militar israeldarrek. Umea anbulantzian hil zen odolustua, check pointak itxi zituztelako"
Heltzea eta hori ikustea oso gogorra izan zen, berehala jabetu ginen hor gertatzen zena oso larria zela.
Gainera, konturatu ginen gure belaunaldiko gazterik ez zegoela, edo hilik edo espetxean zeuden. Hortaz, bederatzi urtetik azpiko umeekin egiten genuen lan. 20 eta 30 urte arteko jenderik ez zegoen. Egia esanda, hamabost urtetik gorakoak ez ziren asko.
Gauzak horrela, garrantzia handia ematen zioten "existitzea erresistitzea da" lemari. Inportantea zen umeak izatea, desagertzeko arriskuan baitaude. Une oro umeak egotea nahi dute palestinarrek eta horregatik hain begien bistakoa da Israelgo estatuak eraso egiten diela haurrei. Badakite borroka palestinarraren zati bat dela.
Zenbat denbora egon zineten Zisjordanian?
Hilabete bat baino apur bat gutxiago. Zirku ikuskizuna eraman genuen eta elkarte ezberdinekin aritzen ginen elkarlanean. Horietako bat zen Human Support. Oso deigarria zen non egiten zuten eurek lan. Izan ere, palestinarrek oso barneratuta dute check pointetan geldituko dituztela eta itxaron beharko dutela.
Ondorioz, elkarte horrek itxaronaldietan egiten zuen zirku ikuskizuna. Eskolatik etxera itzuli nahi zuten umeak ziren publikoa maiz, baina check pointetan geldirik zeuden.
Zuen oholtzak ere check pointak izan ziren?
Ez, guk ikastetxeetan lan egiten genuen. Nablusen okupazioa nahiko ezkutua zegoen, baina Belenen edo Ramalan armada israeldarraren presentzia oso ikusgarria zen.
Bitxia iruditu zitzaidan palestinarrek ez dutela Israel aipatzen eta eremu okupatuak "1948 baino lehenagoko lurralde" gisa izendatzen dituztela.
Arrotza egin zitzaidan Zisjordanian hiru errepide mota zeudela: batzuk israeldarrentzat, beste batzuk israeldar eta palestinarrentzat eta azkenak palestinarrentzat soilik.
Ezustean harrapatu zintuen errealitateren bat gehiago egon zen lehen egun horietan?
Bai, kolonoena. Hedabidetan ez da ia aipatzen, baina jende oso bortitza da, Israelgo estatuak ordainduta daude lurralde palestinarrak okupatzeko.
Belenen, adibidez, iraindu gintuzten palestinarren aldeko itxura genuelako. Goian dauden etxebizitxetatik zaborra botatzen diete palestinarrei eta hauek sareak jarri behar dituzte kaleetan. Gu mugitzen ginen eskoletan eta jolastokietan ke bonbak ikusi genituen. Ikastetxe askok leihoak hesituta zituzten. Amorrua sortzen zuen egoerak.
"Kolono israeldarrak oso bortitzak dira"
Deigarria iruditu zitzaidan ere Aidako kanpalekuan, Belenen, jendea Banskyrekin haserre zegoela. Han israeldarrek hesia jarri zuten eta artistak behin baino gehiagotan margotu du horma.
Palestinarrak ez zeuden ados horrekin. Izan ere, uste dute zerbait margotzekotan kaleetako hormak izan behar direla, eta ez okupazioko sinboloa. Ez dute nahi hesia polita izatea. Alegia, suak pizten dituzte hesia beltza egon dadin.
Aidan lo egin genuen eta gau horretan armada israeldarra sartu zen. Umeek eta gazteek etxean egindako lehergailuak botatzen zizkieten eta esaten ziguten ez ateratzeko burua etxetik eta pasaportea izateko eskuan beti. Arriskutsua izan zitekeen.
Nolakoa zen zuen egunerokoa?
Jendeak euren etxeetan hartzen gintuen. Gure bidaia Rivas VaciaPalestina proiektuaren barruan zegoen eta egitasmoaren helburuetako bat da Palestinan gertatzen denaren berri ematea.
Konpromisoa da han ikusitakoa kontatzea eta munduari jakinaraztea. Bazeuden harremanak aurretik eta jarraitu dute. Orain ez dakigu bizirik egongo diren edo ez.
Zuen adineko pertsonarik ez zegoenez, umeekin zenuten harremana. Nolako eragina dauka eurengan okupazioak eta bortizkeriak?
Hau izan zen hunkigarriena. Nik bizi izan nuena izan zen euren beharretatik oso deskonektatuta zeudela: maitasuna, amodioa... Alde bat kulturala da, baina beste bat egoerari lotuta dago.
Egun batean bost urteko ume batekin konektatzea lortu nuen, bera entzuten eta arreta jartzen eta denbora luzez egon zen negarrez eta dardarka. Hori adierazi ziguten aurretik, espazio batzuetan umeek bilatzen zutela zama hori askatzea eta niretzat garrantzitsua izan zen babes hori ematea.
"Aintzat hartu behar da zazpi, zortzi edo bederatzi urteko ume asko kartzelan egondakoak zirela, edo israeldarrek armekin mehatxatu dituztela, edo armadak bere familiako kideren bat bere aurrean hil duela..."
Adibidez, scout-ak oso presente zeuden umeekin trauma lantzeko. Bortizkeria izugarria jasan zuten haurrek arreta berezia zuten. Aintzat hartu behar da zazpi, zortzi edo bederatzi urteko ume asko kartzelan egondakoak zirela, edo israeldarrek armekin mehatxatu zituztela, edo armadak bere familiako kideren bat bere aurrean hil... Horiek scout taldean zeuden eta horren bitartez lantzen zuten trauma.
Nolakoa da oro har haurtzaro palestinarra?
Ez dute elikagai freskorik lortzeko aukerarik. Produktu azukredunak daude, baina ez barazki freskoak edo arraina. Horrek eragina dauka, askok ez dute hortzik edota elikadura gabeziak dituzte.
Egunero bi orduko ur horniketa zerbitzua dute. Hortaz, ahal duten moduan biltegiratzen dute eta ez beti baldintza onenetan, bero handia egiten baitu.
Aipatu nahi dizut niri deigarria iruditu zitzaidan beste kontu bat. Nablusen plaza koloretsua ikusi genuen, baina kolore horiekin gogoratu nahi zuten behin plaza gainezka zegoela, militar israeldarrak emakumez jantzita sartu zirela eta sekulako sarraskia eragin zutela, emakumeak eta umeak erailda.
Hori oso deigarria iruditu zitzaigun, alaitasunarekin zuten konexioa. Koloreak zeuden non nahi, israeldarrek eraikitako hesian salbu.
Zisjordanian suposatzen da okupazioaren zapalkuntza txikiagoa dela, nolakoa da palestinar baten bizitza han?
Errefuxiatu kanpalekuetan zegoen jendearekin izan genuen harremana gehienbat. Egunerokoan, ahal zutenean, umeak joaten ziren eskolara, maiz check pointak ixten baitzituzten. Argindarrik gabe geratzen ziren askotan, etxeak oso prekarioak dira... Dena den, okupazio militarraren presentzia erabatekoa da.
"Okupazioaren presentzia erabatekoa da, badirudi militar israeldarrak begira dituzula etengabe"
Nablus da okupazioa gutxien ikusten den tokia eta, hala ere, inguruko mendietan ikusgai daude posizio militar israeldarrak. Sentsazioa da etengabe begira dituzula.
Hango jendeak esaten zigun kalkulatuta zutela armada israeldarrak bi minututan hartzen zuela Zisjordania osoa. Ez zegoen une bat ere zeinean ez zen presentzia militarrik ikusten.
Ramalan, Belenen edota Jerusalenen etengabe ikusten genituen militarrak.
Hango ezagunekin harremanetan jarraitzen duzue. Nolakoa da euren bizitza?
Gure adineko hiru pertsona baino ez genituen ezagutu; Musab, Nur eta Yihab. Orain hirurak bizi dira lurralde israeldarrean eta hirurak hazi dira kanpalekuetan, baina arazoa da kanpalekuetan ez dagoela etorkizunik.
Orain arazo ugari dituzte, israedarrek okupatutako lurraldean bizi arren, palestinar dokumentazioa dutelako.
Erresistentziaren lekuko izan zineten?
Palestinar batzuek ere armak zituzten euren buruak defendatzeko, logikoa denez, baina gu ez geunden ohituak armak ikustera. Umeek batzutan armak zituzten eta eskoletan bazeuden kartelak euren presentzia debekatzeko. Horrek klik handia sortu zigun buruan.
Nolakoa izan zen umeen aurrean antzeztea?
Niri deigarria iruditu zitzaidan tailerrak egiten genituenean eta niri aurpegiak margotzea egokitzen zitzaidanean, umeek soilik nahi zutela ikur palestinarra margotzea. Horrek islatzen du nolako eragina duen okupazioa umeengan. Adibide bat da.
Badirudi Palestinako egonaldia zuretzat ere, nolabait, traumatikoa izan zela.
Bitxia izan zen, Palestinatik itzuli ginenean Donald Trumpek Estatu Batuetako hauteskundeak irabazi zituen eta guk ezin genuen sinetsi. Hurrengo egunetan shock egoeran egon ginen.
Dena den, gure proiektuaren helburuetako bat zen han bizitakoa kontatzea eta zabaltzea. Udalak baliabide guztiak eman zizkigun hori egiteko eta oso askatzailea eta osasungarria izan zen. Niretzat ez horrenbeste, Euskal Herrian bizi nintzelako eta ez nuen horretan parte hartu, baina kideek aukera izan zuten zama arintzeko.
Zein aztarna utzi zizun esperientzia horrek?
Niri, pertsonalki, Israelgo estatuari erabateko gorrotoa. Gogorra da esatea, baina hala da. Itzultzeko bidaian, guretzat une lazgarria izan zen Tel Avivera joatea eta ikustea palestinarrek bi orduz baino ez dutela ura eta han sekulako iturri erraldoia zutela aireportuan.
Palestinarrek badute sinbolo bat, giltza. Horrek islatzen du etxeak lapurtu zizkietela eta prest daudela itzultzeko. Emakume askok eramaten zuten giltza eta horietako bat ezagutu genuen errefuxiatu kanpaleku batean. Oso nagusia zen eta aireportua dagoen tokian zegoen bere etxea. Izugarria izan zen aireportu horretan egotea.
Gainera, aireportuan bertan kontrolak beldurgarriak dira. Guk argazkiak bidali genituen hara joan baino lehen eta sakelakoak bateria gabe eraman genituen, ez erakusteko zer genuen eta ez jartzeko arriskuan gurekin egondako jendea. Goitik behera erregistratu gintuzten eta egundoko amorrua sortu. Esperientziak utzi digun aztarna da maitasun handia herri palestinarrekiko eta gorroto erraldoia Israelgo estatuaren kontra.