Urduñako futbolaren 100 urteei buruzko erakusketa inauguratuko dute bihar

Aitor Aspuru Saez 2023ko aza. 16a, 14:00

Orduña Hiria Museoak hartuko du erakusketa eta udalerrian egondako bi kluben historia jasoko dute argazkiekin, garaikurrekin eta uniformeekin.

Orduña Hiria Museoak tokiko futbolaren historiari buruzko erakusketa inauguratuko du bihar, 19:00etan. Izan ere, 1923an hasi zen funtzionatzen ofizialki Bizkaiko Federazioan Club Deportivo Orduñes eta, hortaz, kirol horrek mende bat bete du Urduñan.

Edonola ere, Orduñes elkarteak ez zuen bizitza erraza izan eta, urruti zegoenez, hainbat klubek uko egon zioten hirira bertaratzeari. Ondorioz, 1928/1929 denboraldian desagertu zen federaziotik, harik eta 1950/1951 denboraldian berpizkundea izan arte. Hala eta guztiz ere, bigarren aro horrek ez zuen gehiegi iraun eta 1963an sortu zuten CD Orduña.

Klub berri horrek 60 urte bete ditu jadanik eta zenbait mugarri jartzeko gai izan da.

60 urte klubak, 20 urte emakumezkoen taldeak

CD Orduñak ibilbide oparoa egin du. Hala azaldu du Lander Gonzalez Garayo egungo kirol koordinatzaileak: "Ia-ia hiri osoa pasa da hemendik. Ez bada jokalari edo zuzendaritza taldeko kide izan, bere senideak izan dira".

Gonzalez Garayok balioan jarri du 4.000 biztanleko udalerri batek izan duen gaitasuna esparru anitzetan eta, horrela, emakumezkoen taldearen adibidea jarri du: "1985ean emakumezkoen lehen taldea sortu zen, nahiz eta ez zuen asko  iraun, baina 2003an berriro osatu zen eta geroztik etengabe lehiatu dira emakumeak Urduñan".

Kirol koordinatzaileak azpimarratu du hainbat igoera lortu duela taldeak eta Bizkaiko Kopa irabazi zuela 2016an. Horrez gain, jokalari garrantzitsuak sustatu dituzte, Gozalezen esanetan: "1980ko hamarkadan Maite Muguruzak Espainiako Selekzioarekin jokatu zuen. Bere atezain uniformea ikusgai egon da. Maitane Basualdok ere Athletic Clubarekin egin zuen debuta".

Berez, kirolaren historia ez ezik, zenbait jokalariren ibilbideari tartea egin diote erakusketan: "Ez bazuten lehen mailan jokatu ere, kategoria garrantzitsuetan aritu ziren Samaniego, Abelardo Bardeci, Aitor Eguiluz eta Iñaki Lopez Murga. Azken hori Orduñatik Athleticera igaro zen eta gero Elchen eta Cordoban egon zen. Cordoban 2. mailan jokatu zuen eta han bizi da, harrobiko entrenatzailea izan da, esaterako".

Jendetza inaugurazioan

Gonbidapenak banatu ondoren, CD Orduñako kideek espero dute jendetza elkartzea biharko inaugurazioan. Jokalariak, entrenatzaileak, zuzendaritzako kideak... Antolatzaileek uste dute Urduñako historiaren zati bat gogoratzeko aukera izango dela, baita aspaldiko ezagunak ikusteko ere.

Argazkiak: Cris Gomez eta CD Orduña

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide