Ibilgailu eta Ondasun Higiezinen gaineko zergak izan zituzten eztabaidagai Urduñako urriko Udal Osoko Bilkuran. EH Bilduk hainbat proposamen eraman zituen plenora, "berdintasuna eta justizia soziala zein trantsizio ekosoziala lehentasun gisa hartuta".
Hala azaldu du koalizioak prentsa ohar baten bidez. Dena den, EAJk planteamendu horien aurka bozkatu zuen eta, ondorioz, ez ziren aurrera atera.
Zehazki, hiru hobekuntza proposatu zituen oposizioko taldeak. Alde batetik, hobari bat ezartzea planteatu zuen Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Birgaitze Energetikoko Proiektuetan parte hartzea erabaki duten pertsonen ondasun higiezinei. EH Bilduko kideen ustez, programa horretara batzen diren pertsonek "ahalegin ekonomiko garrantzitsua" egin beharko dute, eta hori saritzeko modu bat izan daiteke neurri hori.
Horrez gain, “hobarien koadrante bat” ere aurkeztu zuen koalizioak, “egoera zaurgarrian dauden pertsona zein familiei” begira, “guraso bakarreko egoeretan arreta berezia jarriz”:
%50ko errekargua etxe hutsei
Amaitzeko, etxe hutsei begirako neurri bat proposatu zuten EH Bilduko kideek, duela gutxi Laudion onartu denaren tankerakoa: Ondasun Higiezinen gaineko Zergan %50ko errekargua ezartzea hutsik dauden etxebizitzei. Horrez gain, alokairuan dauden etxeei hobari bat ezartzea ere proposatu zuten.
Oposizioko taldeak uste dute Urduñako familia eta gazteentzat "iaz ezinezkoa" dela alokairuko etxebizitza bat aurkitzea. "Gainera, alokairu erabilgarriak pertsona batzuen aukera ekonomikoen oso gainetik daude. Bestalde, egindako azken azterlanaren arabera, 600 etxebizitza baino gehiago daude hutsik Urduñan", azaldu du talde politikoak, eta nabarmendu du neurri hori hainbat udalerritan dagoela martxan dagoeneko.
Era berean, hori kudeatzeko giza baliabiderik ez izatearen argudioa "aitzakia" bat dela salatu du EH Bilduk: "Udalak herritarren zerbitzura egon behar du, etxebizitza eskubide unibertsala da, eta erakundeek bermatu egin behar dute eskubide hori gauzatuko dela".